Agilera
Kostata, baina Biarritzek egin beharrekoa egin du
Racing Metroren aurkako garaipenak lasaitasun handia emango dio talde zuri-gorriari.
BIARRITZ 22
RACING METRO 13
Jon LEUNDA
Biarritzek mailari eusteko urrats garrantzitsua egin zuen atzo Racing Metro Paris mendean hartuta. Joan den astean Baionan galdu eta gero, berriro ere arazoak zituen, baina datorren urtean ere Top 14an jarraituko duela esan daiteke jadanik. Matematikoki ez dauka dena egina, baina jokatzeko geratzen diren bi partidetan oso gaizki aritu beharko luke, eta gainerakoek, oso ongi.
Atzoko garaipenak, gainera, Perpinya ere sailkapenean pasatzeko balio izan zion, eta beste garaipen bat nahikoa izango luke. Racingen aurka jokatu zen partida ez zen ona izan, baina atzo puntuak behar ziren eta horixe lortu zuten, nahiz eta ia amaierara arte sufritu behar izan zuten.
Pariskoek jadanik ez dute finalerdiak zuzenean jokatzeko txartela eskuratzerik, eta final-laurdenak jokatzeko txartela, berriz, seguru daukate. Hori bai, kanporaketa hori etxean edo kanpoan jokatzea da kontua, eta etxean jokatzeko puntuak behar zituen. Presio horrek ez zieten utzi zuten onena ematen, baina emozioa, behintzat azkeneko unera arte izan zen, eta zaleek ezin esan gaizki pasatu zutenik.
Azken txanpara aurretik heldu zen Biarritz, baina Racingen kontraerasoek arriskutsuak izaten jarraitzen zuten. Zaleak denborari begira zeuden, ea minutuak azkar-azkar pasatzen ziren, eta orduan agertu zen Ngwenya, euskaldunen entsegu bakarra egiteko. Yachvilik, atzokoan ere norgehiagokako onenetakoak, ez zuen ostikoarekin hutsik egin, eta garaipena segurtatuta utzi zuen Agileran.
Azkeneko minutuetan frantziarrak saiatu ziren estutzen, baina atzean seguru aritu zen talde zuri-gorria, eta zaleak dezente lasaitu zituen garaipena erdietsi zuten, nahiz eta beste lau puntu behar dituen denboraldia lasai amaitzeko.