AHT eraikitzeari ezezkoa eman diote Iruñean, manifestazio zaratatsuan
GARA | IRUÑEA
AHT lehentasunezko proiektutzat jotzen du Nafarroako Gobernuak, baina herritar ugarik kontrako iritzia azaldu zuten atzo Iruñean egindako manifestazioan. AHT Gelditu Elkarlanak deituta, 18.30ean Gaztelu Plazatik abiatu ziren, euripean, proiektuaren aurka daudela adierazteko. Atzoko hitzorduan, gainera, debekatuta zegoen isilik edo mutu gelditzea, deialdi «zaratatsua» deitu baitzuten. Horri erantzunez, bertaratu zirenek etxetik eramandako tresnaren batekin protesta egin zuten. Krisiaren gerizpean, Madrilek hezkuntzan eta osasungintzan murrizketak egin ditu eta, hain zuzen, Yolanda Barcina presidenteak adierazi zuen orain egun gutxi «ezinbestekoak diren neurriak ezinbestean» ezarriko dituela. Horren harira, AHTren aurka agertu zirenek galdegin zuten zergatik egiten diren murrizketak hain beharrezkoak diren arlo horietan, eta ez bestelako azpiegitura handietan.
Hil honetan, hain zuzen, lurren desjabetze gehiago egingo dituzte Cadreita, Alesbes eta Valtierran, eta makinak lanean dihardute Cadreita-Alesbes tartean.
Finantzaketari dagokionez, Nafarroako Gobernuak bi urtez trena eraiki ahal izateko dirua aurreratuko du, Madrilek aldez aurretik jarri behar izan gabe. Akordio hori hausteko, NaBaik mozioa aurkeztu zuen asteazkenean, baina Geroa Baiko Manu Ayerdi eta Patxi Leuza parlamentariek ez zuten alde bozkatu.