GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Eskalada | Hormatzarrak

Ciavaldini eta Bodet, oso sasoiko, Sardinia eta Korsikako paretetan

Caroline Ciavaldinik «Amico fragile» (8b, 230 m) eta «Mezzogiorno di fuoco» (8b, 270 m) eskalatu berri ditu Sardinian. Stephanie Bodetek, berriz, «Octogenese» marra (8a+, 300 m) sinatu du Korsikan. Bi emakumezko frantziarrak bikain ari dira hormatzarretan.

p048_f01_148x280.jpg

p048_f02_250x108.jpg

p048_f03_199x120.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Biak ala biak frantziarrak dira. Biak ala biak kirol eskaladatik datoz. Biak ala biak hormatzarretan bikain ari dira. Protagonistok Caroline Ciavaldini eta Stephanie Bodet dira. Eta, kasualitate hutsa bada ere, bi emakumezko hauen azken eskalada jarduera entzutetsuenak bi uhartetan kokatu dira: Sardinian eta Korsikan. Sokakideak, berriz, bikotekideak izan dituzte. Ciavaldiniren kasuan, James Pearson, eta Bodetek Arnaud Petit izan du.

Eskalada kronika honekin hasteko, lehenik eta behin, Ciavaldiniren jarduerak aipatuko ditugu. Sardiniara abiatu aurretik, sokada horrek martxo osoa Katalunian pasa zuen kirol eskalada egiten. Jakina, sasoiko jarri nahi zuten, eta, aitortu behar zaie sasoialdia puntu-puntuan utzi zutela; izan ere, kateatze adierazgarriak erdietsi zituzten. Ciavaldinik, adibidez, «Mind control» bidea (8c+, Oliana) lortu zuen. Pearsonek, bestalde, «Esclatamasters» (9a, Perles) sinatu zuen.

Behin Sardinian zirela, kirol eskalada pixka bat gehiago egin, eta jarraian «Amico fragile» marrari ekin zioten. Orain dela sei urte zabaldutako bide hori 230 metrokoa da, eta zazpi luze ditu: 6b, 6c, 8b, 7b, 6a, 6b+ eta 6a+. Bidearen giltzari dagokionez, frantziarrak dio gogorra izan zela: «50 metrokoa da, 8b zailtasunekoa, eroria duena, zailtasunean iraunkorra... hitz gutxitan esanda, oso ikusgarria da. Hala eta guztiz ere, lehendabiziko bi luzeak errazagoak badira ere, kontu handiz eskalatu behar da; besteak beste, segurtagailuen arteko distantzia handia delako. Jamesek bistaz atera zuen; nik, aldiz, eroriko batekin».

Nahiz eta aipatutako luzea gogorrena den, laugarrenak, 7b gradukoak, buruhausteren bat eman zien. Biek ala biek bistaz egitea espero zuten, baina, azkenean, Ciavaldinik eroriko bat izan zuen. Hortik aurrera, sokada horrek aukeratutako bideak ez zien batere arazorik eman, azken luzeak askoz ere samurragoak zirelako.

Gauez iritsi ziren amaierara, eta komeriaren bat edo beste izan zuten. Denbora pasa zuten azken bilgunea aurkitzeko, eta azkenean bide beretik rapelatu zuten; hori bai, gauez.

«Amico fragile» bidea poltsikoratu ondoren, Ciavaldini eta Pearson beste pareta batera abiatu ziren; hain zuzen ere, sona handia duen Punta Giraldirira. Hormatzar hartan, besteak beste, «Mezzogiorno di fuoco» marra zain zuten. Aurretik 270 metroko erronka, eta zazpi luze: 7a, 8b, 6c, 8a+, 7c+, 7c eta 7a.

Hori bai, jakin bazekiten lan eskerga egin behar izango zutela, bide hori eskalatzaile oso zailduek zabaldu baitzuten; Rolando Larcher, Maurizio Oviglia eta Roberto Vigiani, hain zuzen ere. Orain dela sei urte, hirukote horrek hamar izarretako marra hori zabaldu zuen. Zailtasun tekniko guztiez gain, aipatu beharra dago segurtagailuen arteko distantzia handia dela; hamar metrotik gorakoa hainbat tartetan.

Jakina, horren berri bazuten lerrootako protagonistek: «Hirukote hori ezagutzen dugu, eta badakigu zabaltzen dituzten bideak zein estilorekin zabaltzen dituzten. Gauza guztien artetik, aipatu behar dugu eskalada osoa oso-oso zirraragarria dela. Eta, horretaz gain, inguru hori ikusgarria da».

Inolako zalantzarik gabe, bi eskalatzaile hauek eginiko lana goraipatzekoa da. Eta hori diogu Pearsonek bide osoa bistaz edo flash eran eskalatu eta Ciavaldinik kateatzea lortu zuelako.

Hamar ordu eta erdiko eskalada izan zen: «Azken-aurreko luzera iritsi nintzenerako, leher eginda nengoen. Jamesek lan bikaina egin zuen, eta nik luze batzuetan dena eman behar izan nuen. Ordurako ez nuen ez indarrik, ez erresistentziarik, ez iraunkortasunik. 7c-ko luzea egiteko, adibidez, bost saio behar izan nituen».

Plaka gogorrak

Bien bitartean, Stephanie Bodet Sardinia ondoan dagoen Korsikan izan berri da. Ciavaldini bezala, Bodet ere kirol eskaladan zein lehiaketetan goi mailan ibili da. Alta, bere mutil lagun Arnaud Petit ezagutu zuenetik, batez ere paretetan jo eta su jardun du.

Hain zuzen, uharte horretako Bavella ingurumarira joan ziren, 1991n Petitek berak Teghie Liscen zabaldutako «Octogenese» bidea eskalatzera. Bide batez, gogora dezagun marra zabaldu eta sei urtera Petitek era askean igo zuela. 300 metroko bide horrek, gehienez 8a+ zailtasuna du, baina, Cialvaldinik eskalatutako bideekin alderatuta, «Octogenese» erabat plakeroa da.

Bodetek aitortu duenez, bide horretan sufritu egin du: «Lehen saioan bi luzek arazoak eman zizkidaten, baina, hondartzan atseden pixka bat hartu ondoren, berriro marra horretan buru-belarri hasi nintzen eta librean eskalatzea erdietsi nuen. Oro har, Arnaudek zabaldutako bide horrek asko eskatzen du, oso gogorra da eta ia dena plakatan eskalatzen duzu. Hori dela eta, inoiz ez bezala, oinetan min ikaragarria izan dut».

Korsikako helburu hori prestatzeko, sokada La Pedrizan (Madril) izan zen eskalatzen; izan ere, estilo bera dute: plaka eta itsaspena.

Zailtasun tekniko handienak bigarren eta hirugarren luzeak ziren: 8a eta 8a+: «Plaketan eskalatzeak abantaila bat du: soilik buru eta oinekin eskalatzen duzu. 8a graduko luzean, adibidez, konfiantza osoarekin bai, baina irrist egin nuen. Zailtasun gogorrenak gainditu ondoren, 7b eta 7c-ko luzeak aurrean nituen. Errazak ziruditen, baina horietan ere dena eman behar duzu. 7c+ gradukoa beste era batekoa zen, blokekoa. Kosta egin zitzaidan, baina hau ere poltsikora eraman nuen. Azkenean, neure helburua lortu nuen. Hori bai, oinetan kristoren minarekin. Adam Ondrak ziur aski bide hau zapatilekin egingo du, baina ni dagoeneko nahiko `zaharkituta' nago. Zalantzarik gabe, Arnauden bidea ederra da oso».

sardinia

Caroline Ciavaldinik paretako bi bide gogor eskalatu berri ditu. Biak ala biak 8b zailtasunekoak.

korsika

Stephanie Bodetek bere bikotekide Arnaud Petitek zabaldutako «Octogenese» marra (8a+) eskalatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo