GARA > Idatzia > Kirolak

Surflari Ernegatua

Skaterrak, azken mohikanoak

Skate parkeetan haurrak eta euren gurasoak ikusten ditut benetan ibili nahi duenari traba egiten, kontuz ibiltzeko eskatzen, han soberan dagoena skaterra bera dela adieraziz. Hori da aldatu ez dena, skaterrek duten fama txarra, gaizto ospea. Eta jarrai dezatela horrela, «kirol» titulu gabe, aske, desagertu ez daitezen, azken mohikanoak bezala.

 

Egun, surfa eta skatea ongi bereiziak daude. Diziplina bakoitzak bere mundu propioa du, janzteko era, hitz egitekoa. Musika mota zehatzei lotuta eta irudi modelo jakin baten markoan ongi kokatuak aurkezten zaizkigu, nahiz eta oinarrian sustraiek ur beretik xurgatzen duten.

70eko hamarkadan Kaliforniako surflariak gurpildun taulekin olatuan egiten zituzten ariketak antzezten hasi ziren lehorrean. Gero igerileku hutsak okupatu eta olatuan egin ezin zituzten gauzak egin zitzaketela ikusi zuten. Geroago, 90eko hamarkadan, surflariak izan ziren skate ariketak antzezten hasi zirenak, eta orain, batean zein bestean, ia mugarik ez dela dirudi. Hesiak soilik irudimenak ezartzen ditu.

Europako lehen skate parkeetako bat Donibane Lohizunen zegoen, Erromardiko hondartzaren ondoan. Egun, oraindik desertu moduko maldekin eratutako pista haren aztarnak han dira, agintariek suntsitu eta «ez ibili» kartela jarri zuten arren.

Hegoaldean, Algortan eraiki zuten lehen skate parke duina, eta ordutik puntako lekua izan da, belaunaldi desberdinentzako elkargune eta eskola. Arrigunagako arrapaletan hazi eta hezi dira inguru hauetako skater onenak. Berariazko nortasunarekin gainera.

Aspaldi, Arrigunagako maldan behera egiten zen jaitsiera ikustera herri osoa joaten zen. Babeski eta kasko gabe, bide ertzeko lasto fardelak ezarri gabe, ziztu bizian jaisten ziren parte hartzaileak, etxafuegoak bailiran. Sekulako kolpeak hartzen zituzten, baina hain zuzen ere, horrek erakartzen zuen jendea. Gero, gauaren ilunean, kontzertuak eta festa izaten ziren han bertan. Urrezko garaiak ziren.

Gipuzkoan oraindik skatean surf egiten ibiltzen ginenean, Algortan jada surfean egin ezin zitezkeen ariketak egiten zituzten. Skatea eta surfa banantzen aitzindariak izan ziren. Esate baterako, baziren surf egiten ez zuten skaterrak, eta hori oso bitxia zen hastapenetan.

Egun, ez dakit skate eszena zertan den. Pistak nonahi dira; skaterrak ez, ordea. Zarauzko skate pistan adibidez, haurrak eta haien gurasoak ikusten ditut, benetan ibili nahi duenari traba egiten. Mesedez kontuz ibiltzeko eskatzen diote ariketa baten ostean patineteak ihes egin dion skaterrari. Edo haien haur gizajoak ere ibiltzeko eskubiderik ba ote duen galdegiten diote, parkean soberan dagoena skaterra dela adieraziz.

Tira, zorionez, agian hori da aldatu ez den gauza bakanetako bat, lehen eta orain skaterrek duten fama txarra. Gaizto ospea. Arlote narrasen itzala. Eta jarrai dezala horrela, sailkatu ezinezko kirol gisa, aske, «kirol» titulu gabe. Beraz, iraganean, historia bako ekimen moduan. Bai, jarrai dezala horrela, desagertu ez dadin. Oraindik, zorionez, kirol estatusik ez duen azken mohikanoa bizi baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo