Herritarrak eta agintariak batuta, faxistek Elgeta suntsitu eta 75 urtera, egiaren eta justiziaren alde
Faxistek Elgeta hartu eta 75 urtera, 500 bat lagun elkartu ziren Intxortako Atea monumentuan «egia, justizia eta kalte-ordaina» defendatzeko. Idoia Mendia, Martin Garitano eta hainbat alkate ere bildu ziren.
GARA | ELGETA
Orain dela 75 urte herria txikitu zieten faxistek elgetarrei, zibil eta milizianoak fusilatu eta neskak eta emakumeak bortxatu. Biktima horiek omentzeko antolatutako ekitaldian, herritarren ondoan izan ziren atzo Idoia Mendia Lakuako bozeramailea, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta alkate pila: Gernikakoa, Arrasatekoa, Bergarakoa, Aramaiokoa, Elorriokoa... 10.30ean herrian harrera egin, 36ko gerraren inguruko museoa ikusi eta Intxortako Ateraino joan ziren. Bertan, Intxorta 1937 Kultur Elkarteko Julia Monjek hartu zuen hitza. «Berriro aldarrikatu nahi dugu oroimen historikoa berreskuratu eta ezagutaraztearen beharra», hasi zen.
«Behin eta berriz ezarritako inpunitate eredu politiko batek gure herriak jasan zuen genozidioaren benetako dimentsioa ezeztatu du. Argitu gabe daude indar frankistek gizarte zibilaren kontra emakume, haur eta gizonei egindako gehiegikeriak». Horregatik, eta «batzuek egin ez dutena denon artean egiteko», Elgetako Euskal Memoria Interpretazio Zentroan, «Izen guztiak, aurpegi guztiak» atalarekin Euskal Herrian dauden faxismoaren biktima guztiei izena eta aurpegia jartzea helburu dutela adierazi zuen. Egia ezagutzea justizia egiteko eta minak sendatzeko lehendabiziko urratsa dela oroitarazi zuen. Azaldu zuenez, memoria historikoa erabakigarria da ulertzeko eta aurrera egiteko, pertsona libre eta solidarioz osatutako herri baterantz.
Izenak biltzen
«Ezinezkoa izango da dena berreskuratzea -ohartarazi zuen-. Emakume erresistenteen armada bat ahanzturan gelditu da. Halere, gure historia idazten jarraituko dugu, milaka emakume eta gizonen errealitatea, memoriak eskatzen duen hainbeste aldiz isildutako egia».
Beste hainbatek bezala, elkarte honek urteak daramatza horretan lanean eta 12.000 izen baino gehiago ditu, 850 aurpegi, eta jendeari laguntza eskatu zion historia osatzeko.
«Internazionala» eta «Eusko Gudariak» abestu, eta Zestogain baserriko Ainara Totorikaguena mintzatu zen. Etxe honetan, aita eta ama hil zituzten alaba bortxatzeko.
Oinez jaitsi ziren herrira, bost banderarekin -ANVrena, gorria, errepublikakoa, ikurrina eta anarkista-. Salbador ermitan itxaroten zuten Andoaingo Banda Errepublikanoa, eta lore eskaintza egin zieten Elgetan hildako zibilei. Bukatzeko, bazkaria egin zuten kafe antzokian.
Zestogain baserriko Ainara Totorikaguenak Lauaxetaren poema bat irakurri zuen: «Gazte horreik goruntz doaz abesti eta ikurriñez/ lainuan baino tiro hotsak bedartza dager odolez/ ikaraz duaz suak mendixa dago isilean/ hamar gazteren lerdena bizitza barik lurrian/ eta iluntzeko bakian/ norbaitek darrai kantari/ dana emon bihar jako maite dan askatasunari». Horrela esan zuen euskal poeta eta gudarien komandante Lauaxeta gazteak. Totorikaguena gazteak adierazi zuenez, gerran alde bietan daude galtzaileak, baina argi daukana zera da, zeintzuk diren zapaltzaileak eta zeintzuk zapalduak. «Intxorta eta Elgeta inguruan gorriz bustitako zelai-lurrak ez dituzte gure malkoek garbituko, baina tinko jarraituko dugu memoriaren zaindari». GARA