ETArekin hitz egitera hertsatu ditu ezker abertzaleak bi gobernuak
Pasaian egindako agerraldian, Idoia Aiastui ezker abertzaleko eledunak gatazkaren ondorioen gainean ETArekin hitz egiteko deia egin zien atzo Gobernu espainolari eta frantsesari. Gemma Zabaleta Lakuako sailburuak presoen auzian aldaketak egiteko eskatu zion Madrili.
GARA |
Ezker abertzaleak berriro ere dei egin die Gobernu espainolari eta frantziarrari gatazka armatuaren ondorioen gainean ETArekin hitz egitera. Mezua Idoia Aiastuik bidali zuen, atzo Pasaian Luxiano Eizagirre zendutako errefuxiatu politikoari egindako omenaldian.
Aiastuik adierazi zuenez, ETAren «ziklo armatuaren itxialdiak, konponbiderako elkarrizketei ateak zabaldu beharko lizkioke herri honetako kultura politiko ezberdinen artean».
«Elkarrizketa da bide bakarra», azpimarratu zuen berriro ere ezker abertzaleko militanteak, «benetako bakea eta demokrazia daukan Euskal Herria» eraikitzeko orduan. Bestalde, Estatu espainiarraren zein frantziarraren «estruktura errepresiboaren» bukaera eskatu zuen, «estatuen biolentzia» horretan mantentzen dela gogorarazita.
Estatuen immobilismo horrekin guztiz kontrajarrita, Aiastuik euskal gizartearen «gehiengo sozial eta politikoa» agertoki berrian kokatuta dagoela nabarmendu zuen, eta horren froga «Euskal Herriko lau aldeetan nabarmentzen den askatasun haizea» dela.
Zabaleta, urrats eske
Bestalde, Gemma Zabaleta Lakuako Gobernuko Lan eta Gizarte Gaietako sailburuak «ETAren bortizkeriaren aro beltza itxi» dela adierazi zuen atzo, eta urratsak egitearen alde agertu zen, «espetxe-politika malguagoak eginez, garai berrietara egokituz», adierazi zuen, Cadena Ser irratian egindako adierazpenetan. Zabaletak nabarmendu zuen ETAren desegitea eskatzea «euskal gizartearen gehiengoaren sentipena» dela, eta «garai berri» honi bide emateko urrats garrantzitsua izango litzatekeela.
Alde horretatik, «ETAk urrats hori egingo balu, bake eta bizikidetza prozesua finkatzen lagunduko luke», erantzun zuen sailburuak, arestian Brian Currinek esandako hitzen gainean galdetu ziotenean.
«Denok bat gatoz ETAren biolentziaren aro beltza bukatutzat eman dezakegula, baina oraindik azken bultzada falta da. Denok egin behar ditugu urratsak, Gobernu espainolak berak ere bai», nabarmendu zuen Gemma Zabaletak. Edonola ere, eta hau esan ostean, espetxe politikari ere so egin zion Lan eta Gizarte Gaietarako sailburuak: ««Espetxe-politikak aldaketak izan behar ditu, garai berrira egokitua, malguagoa».
Gaur osatuko dute Gasteizko Legebiltzarrean Bake eta Bizikidetzarako Batzordea. Goizeko bederatzietan emango zaio hasiera.