Kronika | Urruñako ikastolako lanak finantzatzeko besta
«Rosa» ederraren gorotzak erabaki zuen Behi Kaka Bingoko lehen saria
«Rosa, Rosa baserriko larrosa. Ai, esne behia! Ai, Ai esne behia». Kantuan bezala, «Rosa» eta behia baziren atzo Urruñako ikastolak antolatu zuen bestan, baina abestiak aipatzen ez duen kaka ere izan zen protagonista. Izan ere, «Rosa» behiaren gorotzak lurra hartu zuen tokiak erabaki zuen lehen sariaren irabazlea; bigarrena, «Goraltxatu» behiaren pixak; eta hirugarrena, esatariak «Rosa»ren gainetik erorita kolpea hartu zuen tokiak. Besta ederra!
Idoia ERASO
Goizeko eguraldi euritsuak gogoak asko berotzen ez bazituen ere, arratsalde aldera giroa berotzen joan zen. Euriak gero eta aterrune luzeagoak eskaini zituen, Urruñako errugbi-zelaira talo eta zikiro bila hurbildu zirenek bazkaria lasai egiteko moduan. Jan ondoren, eguzki-izpi batzuk ere izan ziren ordubeteko Behi Kaka Bingoaz gustura gozatu ahal izateko.
Urruñako ikastolak duen hazkundeari erantzuteko handitze lanak egin behar izan dituzte gurasoek, eta hori finantzatzeko ohiko eskemetatik ateratzen den udaberriko besta antolatu zuten atzokoan. Interes handia piztu duen Behi Kaka Bingoa ospatu zen atzo. Hori zuen behintzat izen ofiziala, baina bukatzerako izena ezberdina zuen. «Behi kaka, pixa, salto bingoa» izendatu zuen ikuskizuneko esatari Ekaitzek. Izan ere, kakaren etorrera atzeratzen ari zela ikusita, irizpide berritzaileak gehitu zituzten arauetan.
Udaberriko besta
Herriko laborarien produktu erakargarriak zeuden harrera egiten, errugbi-zelaiaren ondoan zegoen karpan. Basoberrietan edari batzuk hartu eta gurasoek egindako talo eta zikiroak jan ondoren, ikuskizuna hasi zen ondoko zelaian. Interesa nabaria zen, bingoko zenbaki guztiak salduak baitziren.
Lauretan, hesituriko zelai batean «Rosa» eta «Goraltxatu» behiak sartu zituen David Gonzalez jabeak. Ikastolako haur baten aita honek urduri zeuden bi abereak «bingo-zelaira» sartu zituen. Protagonistak lasaitzeko Kuxkuxtu txarangak musika goxoak jo zituen, eta lehenago biraka ari ziren behiak, belarra jaten hasi ziren orduan.
Lehen ordu erdia «akziorik» gabe iragaten ari zela ikusita, Ekaitzek ikastolako haurrak kantari jarri zituen mikrofonoaren aurrean. Bostak hogeita bost gutxitan Ferminek (herriko aitatxi batek) teknika berri bat proposatu zuen, txapela larrearen erdian jartzea, behiek kaka eginen omen zutela. Horrela egin zuten, baina berehalako eraginik ez zen nabaritu.
Tentsioa goraka zihoala, bostak hogei gutxitan, «Rosa» hesien gainetik salto egin eta ihes egiten saiatu zen. «800 lauki ez omen ditu aski gure behiak eta kanpora joan nahi du kaka egitera», bota zuen esatariak.
Abereekin mugimendu handirik ez zegoela ikusita, laborarien merkatutik Ttotte Elizondo hurbildu zen mikrofonora, jendea erostera gonbidatzera. Ikusleak bestelako entretenimenduak bilatzen ari zirenean, «Rosa»k marru egin eta, azkenean, kaka egin zuen. Bostak hamahiru gutxi ziren, besta taldeko Peiok neurketak egin ahal izateko kakari laranja koloreko espraia jarri zion gainean eta topografoak lehen sariaren laukia atzeman zuen.
Hamar minutura, «Goraltxatu»k pixa egin zuen, eta epea bukatzen ari zela ikusita, bigarren saria erabakitzeko baliagarritzat eman zuten. Bostak jotakoan, Rosak berriz ere marru egin zuen, hirugarren saria erabakiko zela pentsaraziz, baina usteak ustel geratu ziren. Jokoa hamar minutuz luzatzea erabaki zuten antolatzaileek.
Bostak eta hiruretan, Ekaitz, haurrek egindako desafioari erantzunez, «Rosa»ren gainera igo zen. Behia biraka hasi zen orduan eta larrearen itzuli erdia egin zuenean, esataria erori zen, eta hori izan zen hirugarren saria erabaki zuen puntua.
Ekaitz eta Urruñako ikastolako haurrak agertokiaren gainera igo ziren, eta azken hauen kantuaren ondoren, esatariak sarien berri eman zuen. Baratzekariz beteriko hileroko saria (urtebetez) 133. zenbakiarentzat izan zen; saski eder bat, 432. laukitxoarentzat izan zen eta bildots bat, 775. zenbakiaren jabearentzat.
Zenbaki horiek kalkulatu zituen Jean-Claude Aranburuk lehen sariaren argitasuna azpimarratu zuen: «Esperientzia berezia izan da. Ongi izan dena da kaka justu 133. laukiaren erdian gelditu dela, ez da zalantzarako aukerarik izan».
Ikastolako besta taldeko Peiok balorazio positiboa egin zuen: «Oso pozik gaude helburuak lortu ditugulako, bai diru bai giro mailan; gainera, haurrek besta oso gertutik bizi izan dute». Eguraldiari buruz gogoeta egin ondoren, proposamena egin zuen antolatzaileak: «Euskal Herrian udaberriari harrera egin ohi zaio, baina agian hobe izanen da udari harrera egitea; beharbada moldatuko dugu».