GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JOSEBE EGIA

Erne termometroei

Zein lanbide duzun, seme-alabarik bai ala ez, harreman sozialak zer nolakoak... baliteke gazterik ez izatea inguruan. Baliteke gazteen munduaren ezagutza kaletik elkarrekin gurutzatze horretara mugatzea edo soilik albiste direnean -normalean albiste txar- jartzea haiei buruz pentsatzen. Inguruan gazterik ez izateak, nola pentsatzen duten, zer esaten duten, zerk kezkatzen dituen ez ezagutzea da. Halaber, arrastorik ez izatea aldaketarik izan ote den pentsamoldean, munduaren ikuskeran, funtsezko aldaketarik, betiko arazoek arazo izaten jarraitzen duten, zenbait muga igaro diren... Norberaren belaunaldian jendartetik ezabatu nahi zena ezabatu edo irabazi nahi zena irabazi den gazteengan ikus daiteke; gazteak dira jendartearen osasunaren termometrorik onena.

Aurreko batean, zinemara joan nintzen, zapatu batean, aspaldiko partez. Leihatilan bertan erosi nuen sarrera, sekulako ilara egin ondoren. Ilara horretan gazte mordoa zegoen, eta nire atzean hamasei bat urteko bikote bat, neska eta mutila. Mutila urduri zegoen, ez zirelako garaiz sartuko aretora, itxaroten egonez gero; mutila haserre zegoen, neskak atarian hamar minutuz zain izan zuelako; mutila neskari irainka ari zitzaion, txoriburu hutsa zela esanez, makillatzeagatik ez zegoela politagoa esanez, bere erruagatik galduko zutela filmaren hasiera guztiok entzuteko moduan esanez. Neska, berriz, burumakur eta isilik zegoen, lotsatuta, eta beldurtuta. Ilara hartan, gazte pila zegoen, bikotearen aurretik eta atzetik, eta inork ez zuen tutik esan, munduko gauzarik arruntena balitz bezala, betile bat bera ere mugitu barik.

Beste batean, lagun dudan gazte batek, hogeita lau bat urtekoak, ekofeminista ote nintzen galdetu zidan. Nire poker aurpegia ikusita, ekofeminismoaren berri eman zidan zehatz-mehatz, eta ondorio gisara edo, «feminista izatea ez da batere erraza eta, gainera, arloka izaten hasi behar badugu, zoratu egingo gara». Zergatik iruditzen zaion zaila galdetu nion, gizon feminista izatea, eta erantzunak lur jota utzi ninduen: «Hasteko, gazteon artean, behintzat, neskek eurek jartzen dutelako gaitz, mutiletan egiteko orduan betiko rolak bilatuz eta jokatuz, gizon babeslea eta maskulino tradizionala hautatuz, pozik antzinako emaztegaien paperean. Jarraitzeko, gazteon artean, behintzat, mutil askori iruditzen zaiolako nesken eskubideez eta horien urraketez-eta kezkatzea ez dela gure borroka, nesken kontu tipikoak baizik, eta ozenki esanez gero, hori ergelkeria hutsa dela, denetarik entzun behar duzulako, lagunengandik hasita. Bukatzeko, gazteok ilarako azkenak garelako, denetarako; erakundeek ez gaituztelako kontuan hartzen, ezta guri buruzko edo guretzako planak eta legeak egiterakoan ere, masatzat hartuak garelako, gazte mota pila ere badagoela kontuan hartu barik... Beraz, gainera feminista eta ekintzailea bazara, imajina dezakezu panorama».

Bi adibide besterik ez dira. Pasibotasunarena eta aktibotasunarena. Errepara diezaiegun termometro ibiltariei, errotik gauzak zeharo aldatu direla pentsatzen ibili beharrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo