Euskarak behar duen estatusaren aldeko giza uholdea, Larragan
Milaka pertsona batu ziren atzo Larragan, euskara Nafarroako lurralde osoan ofiziala izan dadin aldarrikatzeko. Eguraldia lagun, gazte zein zaharrek izugarri ondo pasatu zuten antolatutako ekintza ugarietan: eskola ibiltariak, erraldoiak, pailazoak, zirku eta talo tailerrak, herri bazkaria, eta abar. Antolatzaileen balorazioa «ezin hobea» izan zen, eta «familia eta pertsona guztien» elkartasuna eskertu zuten. Hurrengo pausoa, ilusioak egia bihurtzea.
GARA |
«Herria da gorputza, hizkuntza bihotza», dio Mikel Laboa poema batek. Herri honen bihotzaren, euskararen aldeko aldarria sostengatzeko milaka pertsona batu ziren atzo Larragan, euskarak Nafarroan behar duen estatusa, hau da, ofizialtasun osoa -eta ez egungo zatikatua- lor dezan.
Eguraldiak, gainera, lagundu zuen, egun osoan zehar ez baitzuen euririk egin. Giro atsegina izan zen eta ez zen oztoporik izan aire libreko ekitaldiak egiteko.
Jardunaldiaren hasiera hunkigarria izan zen. Orain dela hamahiru urte, euskaraz ikasi ahal izateko egindako bidaia luze batean, istripua izan eta ume bat hil zen Larragako inguruan. Atzo, gurasoek gerturatutakoen, lagunen eta mutilaren ikaskideen gurasoen maitasuna jaso zuten, goizean egindako omenaldi ederrean.
Goiz-goizetik, familia eta kuadrilla ugari ikusteko aukera izan zen. Bereziki harrigarria izan zen umeen eta gaztetxoen kopurua; «jendea espero genuen, baina ez horrenbeste, eta ume pila daude, oso pozik gaude erantzunarekin», azaldu zion GARAri antzolatzaile taldeko Nestor Salaberriak.
Arratsaldeko plangintza zabalari behar bezala aurre egin ahal izateko, herri bazkaria egin zuten Nafarroako herriko plaza nagusian. 400 bat pertsona batu ziren, giro paregabean, bertaratutakoen esanetan.
Zirkuko artista berriak
Egun osoan zehar mota guztietako tailerrak izan ziren herrian barrena. Bereziena, agian, zirku tailerra, gaztetxoak zoratu zituena. Aurpegia pailazoz margoztuta, edo ekilibristen eta malabaristen paperean sartuta, umetxoek, eta hain umetxoak ez zirenek ere, ederki asko gozatu zuten.
Trikitixak ere zenbait zale irabazi zituen. Musikari berriak tinko saiatu ziren, baina emaitzak, egia esanda, ez ziren oso onak izan.
Larragako, Artaxoako eta Mendigorriko erraldoiek ere kaleak hartu zituzten, herriaren koadro bitxia osatzeko.
Nabarmentzekoa, halaber, arratsaldean helduen artean sortutako giroa, herriko zenbait taldek alaituriko erromerian, arazoak uxatuz, eta euskararentzako estatus berria eskuratuko duten esperoan.
Orain dela hamahiru urte, euskaraz ikasi ahal izateko bere herritik urrun dagoen herrira zihoala, auto istripu batean hildako umearen gurasoek jendearen elkartasuna jaso zuten atzo, omenaldi ederrean.
Antolatzaileak oso pozik ziren, eguraldia lagun izan zutelako eta jende mordoa bildu zelako Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika «guztiz ulertezina» dela salatzeko.