GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Liburu Egun bat; irakurtzeko, egun guztiak

Atzo, Liburuaren Eguna izanik, abagune aproposa izan zitekeen irakurtzeaz, paperezko euskarriaren krisiaz, teknologia berriez... hitz egiteko. Paperezkoak gogoeta malenkoniatsua eragiten du hainbatengan; horiek liburuak, begiez ez ezik, usaimenaz eta ukimenaz ere irakurtzen direla eta antzeko sentsazioak gogoraraziko dituzte, eta paperezkoaren amaiera mundu baten galera gisa sumatzen dute. Beste batzuek euskarri digitalaren erosotasunari baino ez diote erreparatuko. Nolanahi ere, badirudi momentuz euskarri hori ez dela nagusitu, ezta hurrik eman ere, eta paperezko liburuek iraun egingo dutela, haien salmentak krisi bat baino gehiagori aurre egin behar dion arren. Denborak esango du irakurtzeak -nola eta zenbat-, norantz egingo duen; hala ere, garaietara eta baldintza berrietara moldatuko da, zalantzarik gabe. Eta irakurtzea, gaur egun bezalaxe, sustatzeko moduko jarduera izango da, irakurtzen duen lagunak, irakurtzen duen herriak arlo guztietan aurrera egiteko aukera handiagoa dute-eta. Horregatik, Liburuaren Eguna urtean behin bada ere, irakurtzea, euskarriak euskarri, eguneroko jarduera izateko komenientzia azpimarratu egin behar da. Izan ere, irakurtzea irizpidea osatzeko bidea ere bada, eta, halaber, giza osotasunaren kontzientzia hartzeko bide. Irakurtzeak ez du inor hobea egingo, baina hartarako tresna izan liteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo