Angela Merkelen aliatuak, kolokan; euroa ere bai
Ezin dugu hainbeste atzerritar hartzen jarraitu». Esaldi horrek argi erakusten du nori begira dagoen Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliaren ondoren. Inkestek Hollande jotzen dute irabazletzat, baina bozek erabakiko dute. Edonola ere, argi geratu da hautesleek Sarkozyren politiken aurka bozkatu dutela. Bitartean, Alemaniako Gobernuaren Parisko aliatu leialak Presidentetzan jarraituko ote duen ziurgabetasunari Holandako Gobernuaren dimisioa gehitu zaio, eurogunean ondorioak izango dituen dimisioa, alegia. Dimisio hori Bruselak ezarritako helburuen gaineko adostasunik ezak eragin du. Herbeheretako eskuin muturreko Askatasunaren Alderdia ez omen dator herstura politikekin bat, sobera jakina bada ere islamiarren kontrako alderdi horren benetako desadostasuna Europar Batasunarekiko mesfidantzatik datorrela; nolanahi ere, paradoxikoki, Alderdi Liberalak Angela Merkelek ezarritako ildoari estu jarraitzeko, eskuin muturrarekin koalizio gobernua osatzeko ez zuen zalantzarik egin eta itun horrek galarazi du Holandako Gobernuak Bruselaren jarraibideak betetzea. Euroa, Merkelen apustua, kolokan dago, eta alemaniar kantzilerrari arazoak pilatu egin zaizkio. Merkelek antolatu zuen partida kontrolpean izateko piezak ere kontrolatuta zituen, baina taula mugitzen ari zaio.