Lazkaok haur danborradaren zilarrezko ezteiak gogoan ditu sanprudentzioetan
Uneko burutazio bat du sorburu, hain justu, atzo 25 urte bete zituen Lazkaoko San Prudentzio jaietako haur danborradak. Urteurrena dela-eta, bere historia errepasatzen duen argazki erakusketa dago ikusgai. Maiatzaren 1era arte iraungo duten festek egitarau oparoa dute.
GARA | DONOSTIA
Efemerideek urteurren zehatz bat ekartzen dute gogora. Batzuetan ospakizunerako aitzakia dira, eta besteetan, besterik gabe, anekdota gisa igarotzen dira. Edozein kasutan, efemerideek denboraren iheskortasuna uzten dute agerian. Lazkao San Prudentzio jaietan murgilduta dagoela, hain justu atzo 25 urte bete ziren haur danborrada herriko festetan lehen aldiz atera zenetik. Jantziak soinean eta makilak eskuetan, igandean egin zuten desfilea, baina urteurrenaren usaina nabaria da.
Datorren maiatzaren 1era arte izango dira jaiak, eta horien baitan, esaterako, haurren danborradaren historiari errepasoa egiten dion argazki erakusketa izango da ikusgai, 1987ko apirilaren 26an sortu zenetik gaur egun arteko irudiekin. Ikusi nahi dituenak gaur, bihar eta igandean izango du horretarako aukera; kultur etxean, 12.00tik 14.00ra eta 18.30etik 20.30era zabalik izango ditu ateak.
Detailerik ez zen falta
«Harrokeriarik gabe, baina sorrera gogoratzeko ilusio handiz», ekimen horren hazia non eta nola sortu zen azaldu dio GARAri Jose Antonio Garciak. Berarekin batera izan ziren 1987ko lehenengo edizio hartako sustatzaileak Manolo Salaberria Manolo, Aquilino Perez eta Pedro Mari Tello.
«Larunbat eguerdietan bueltatxo bat ematera atera ohi ginen Manolo, nire koinatua, eta biok. Halako batean, honetaz eta besteaz hitz egiten ari ginela, danborradaren kontua bururatu zitzaion. Nik hura erokeria zela erantzun nion», kontatu du.
Burugogor, ideiarekin aurrera egin zuen Manolok, eta Garciak Beasaingo danborradan parte hartzen zuenez, bertan zituen harremanak zirela-eta, jantziak eta material guztia utzi zizkieten. Ikusmina sortu zuen herrian, baita umeen artean ere. Orduan, gaur bezala, 120 ume inguruk hartu zuten parte desfilean.
Hurrengo egunean egunkarietan atera ziren kronikak ere oroitu zituen Garciak. Artikuluak giro ederraz eta atzean zegoen lan handiaz mintzo ziren: «Ez zen detailerik falta; jantzia, antolaketa, musika, erritmoa... hura karroza!». Bai, karroza. Lehen aldi hartan karroza bat eraiki zuten, txistu erraldoi bat zena. Horri ere omenaldi txikia eginez, aurtengo edizioan karroza hartan oinarritutakoa atera zuten.
Lantalde horrek zortzi urte inguru eman zituen antolaketa arduretan, lekukoa eskuz aldatzeko unea heldu zen arte. Gaur egun, ilusio berberarekin, beste batzuek dute ardura hori. «Guretzat pozgarria da gaur bizirik dagoela ikustea -dio-, baita orduan sortu ziren adiskidetasunek jarraitzen dutela ikusteak».
Mende laurdena bete duen danborradan 8 eta 12 urte bitarteko haurrek hartzen dute parte, baina helduek ere badaukate eurena. Gaur bertan, 22.30ean, hirugarren urtez San Prudentzio auzotik abiatuko da, eta plazan amaituko.
Danborrada alde batera utzita, jai egitarauak oraindik badu zer eskaini. Egunean zehar, buruhandiak (18.30), pilota txapelketaren finala (19.00) eta Drindots taldearen kontzertua (23.00) izango dira, besteak beste. Biharko eguna txistulariek hasiko dute 9.00etako dianarekin. 13.00ean udal ordezkariek soka-dantza dantzatuko dute udaletxe aurrean eta eguna Zea Mays eta Ze Esatek musika taldeek itxiko dute, 22.30etik aurrera. Programazio osoa www.lazkao.net webgunean dago ikusgai.
1987ko kronikek ondo jaso zituzten aurrenekoz Lazkaoko kaleak zeharkatu zituen danborradako anekdotak. «Boluntario talde batek, ilusio handiz» abiatu zuela ere aipatu zuten.