GARA > Idatzia > Euskal Herria

Konkistaren V. mendeurrena presente izanen da Baigorriko Nafarroaren Egunean

A.M. | BAIGORRI

1978tik urtero egin ohi duten bezala, datorren igandean Nafarroaren Eguna ospatuko dute Baigorrin. Aurtengoa, jakina, Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren gainean antolatu dute eta hilabete osoan Basaizea elkarteak gauzaturiko hainbat kultur ekitaldi eta mintzalditan ere gai hori jorratu dute.

Milaka nafarzale eta euskaltzale biltzen dituen igandeko jaia janzteko egitarau oparoa prestatu dute aurten ere. Hala, Baigorri ikastolaren goizeko askariaren ostean, 11.00etan ohiko desfilea irtengo da beheko plazatik. Gaiteroak, Baigorriko, Irurtzungo eta Kilimon ziganteek, dantzariek, joaldunek, trikitilariek, Garaziko txistulariek eta txarangak osatuko dute Elizako plazara eguerdirako helduko den segizio alaia.

Eliza plazan, 12.00etan

Bertan zain daudenen itxaronaldia laguntzeko, Mattin Luku, Jean-Louis Laka eta Txomin Elosegiren bertsoek eta txalapartaren doinuak entzungo dira. Dantza, Karmeleren irrintzina eta Bas'Hitza elkartearen hitzartzearen ostean, larrain-dantzak biribilduko du eguneko lehen ekitaldi nagusia.

Ikastolek antolaturiko bazkaria 14.00etan izanen da pentze handian, eta jateaz gain, Erramun Martikorena, Kuxkuxtu, Ezpela eta Uztaritzeko txarangak entzuteko aukera izango dute bazkaltiarrek.

Bostetan, plazan handian, Amaren Alabak taldeak, Beasaingo dantzariek eta Ortzadar dantza taldeak erakustaldia egiten duten bitartean, hainbat taldek (Txamp's, Skatu, Kiki Egurra ta Kitto, Trikidantza, Bordatxo) Xokoan eskainiko dute berea.

Eguna amaitzeko, Laket eta Obaneuke musika taldeak herriko etxe aintzinean joko dute 19.00etatik goiti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo