GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gernikak, euskal askatasun gurariak, bizirik dirau, zauri zahar-berriak ixteko zain

Gernika, euskal libertateen sinboloa, faxismoak ereindako sufrimenduaren sinbolo bihurtu zen duela 75 urteko atzoko egunean. Herri honek egun hartan jasan zuen eta ondorengo urteetan iraungo zuen sufrimenduaren sinbolo. Lehenengo diktadura baten larderiaren pean eta ondoren askatasun guraria ukatu dion demokrazia itxurako monarkia konstituzional baten pean.

Atzo, 15.45ean, «airetikoek» bonbardaketa hasi zuten orduan, hain zuzen, sirena eta kanpai hotsek zirrara, tristura eta amorrua sentiarazi zizkieten gernikarrei eta beste euskaldun askori. Zer sentitzen ote zuten laborri haren lekuko izan zirenek lau minutu duela 75 urte amaigabe horietan?

Gernikak, bere konnotazio historiko eta politikoengatik, beste hainbat «gernika» ordezkatzen ditu, bera baino lehen zein geroago suntsituak: Otxandio, Durango, Zornotza, Eibar... hegazkin faxista eta naziek euskal lurrean bonbaz eta metrailaz marraztu zuten zauri luze eta beldurgarria, 75 urte geroago orbandu gabea. Izan ere, Gernika, euskal libertateen izena, zauri sakon baten izena ere bada, eta duela urte askotatik zauri hori eta beste batzuk, sekula desagertuko ez badira ere, osatu eta zornez gabetzeko aukera dagoela, sarraski haren eragileekin zerikusirik ez omen dutenek ez dute zauri zahar ez berriagoentzako orbaintzailerik nahi.

Aste honetan bertan, Gasteizko Parlamentua ez da Estatu espainolak barkamena eska dezan hertsatzeko gauza izan, eta proposamen horren aurkako argudioetako bat izan zen espainiar estatu buruak ez duela zer ikusirik aurreko erregimenarekin. Hala ere, aurreko erregimeneko buruak izendatua dela alde bat utzirik, ez zuen aukera makala Gernikan sarraskia ikaragarri hura egin zutenen ildotik kanpo agertzeko, egindako kaltea aitortuz. Benetan bide demokratikoari eusteko asmoaren seinale izan liteke. Bitxia, onartezina, eskandalagarria Estatu espainolak sarraskiaren egiletza onartu ez izana sarraskitik 75 urte eta Alemaniak barkamena eskatu zuenetik 15 urte igaro eta gero.

Gernika suntsitu egin zuten eta euskal herritarrek beren etorkizunaren gainean erabakitzeko askatasuna lotuta daukate oraindik, baina duela 75 urte herri honek zuen askatasun gurariak bizirik dirau, inoiz baino biziago, eta gurari horrekiko errespetuak zauri zahar-berri asko ixteko baltsamurik onena litzateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo