GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kalitatezko haur hezkuntzaren aldeko ekimena Nafarroan

Nafarroako Gobernuak haur hezkuntza arautzeko prestatu duen dekretua ikasleen kontra doala salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte maiatzaren 3an herrialde osoko ikastetxetan.
p019_f02.jpg

M.D. | IRUÑEA

Nafarroako Gobernuak haur hezkuntza arautzen duen foru dekretua aldatzeko dituen asmoa dela eta kalitatezko eskola seguruak aldarrikazteko ekimena martxan jarri da.

Ekimen honen bultzatzaileek azaldu zutenez, Nafarroako Gobernuaren asmoak gauzatzen badira irakasle bakoitzak haur gehiago izanen ditu zaintzeko. Horrela, 1-2 urtekoen gelan hamabitik hamahirura pasatuko dira eta 2-3 urtekoenean 16tik 18ra. Honekin batera, dekretuaren arabera baldintza guztiak betetzen ez dituzten zentroak zabaltzeko aukera ematen dela salatu zuten.

Bide batez, gelek «argi nahikoa eta aireztapen egokia» izan behar dutela esaten du dekretoak. «Baina nork erabakiko du zer den nahikoa eta egokia», galdetzen dute. Orain arte ez bezala, komunen sarrerak ez dira ikasgeletan bertan egon behar izango. Orain arte ere komuna horiek gela bertatik ikusi behar dira, baina dekretuak betebehar hori kentzen du. Patio propioa izatearen beharra ere kendu dute. «Nola bermatu daiteke horrela segurtasuna?», galdetu zuten ekimenaren bultzatzaileek.

Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuaren dekretuak haur hezkuntza kalitatearen aurka doala nabarmendu zuten. «Halabeharrez ikasleen kopurua %25 hazteak eragina izango du, eta ez onerako, kontuan hartuta adina hauetan haurrek behar duten arreta, ikuskaritza eta hezkuntza maila kontuan izanda».

Honekin batera, zentzugabekeriaz jokatzea leporatu zioten Nafarroako Gobernuari. «Alde batetik, Hezkuntza Departamenduak egiten dituen formakuntza saioetan haurrekin talde txikietan eta modu pertsonalizatuan lan egin behar dela esaten dute behin eta berriro», esan zuten. Hori ez dator bat gelako ikasle-kopurua haztearekin.

Ildo berean, haur hezkuntzako ikastetxeak desberdintasunak gainditzeko eremuak eta kalitatean oinarrituriko zentroak izan behar direla esaten dutenean.

Guzti hori dela eta, 0-3 urte arteko hezkuntza sistema arautzeko dekretu berria bertan behera uzteko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari. «Egungo dekretua aldatzeko inolako arrazoirik badago, ezin da haurren bizkarrean erori beher», nabarmendu zuten.

Aldarrikapen hau plazaratzeko elkarretaratzeak deitu dituzte Nafarroako ikastetxe guztietan maiatzaren 3an arratsaldean. Honez gain, Hezkuntza Sailera mezuak igortzea eta ikastetxetan dauden orrietan sinatzea eskatu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo