75 ANIVERSARIO DEL BOMBARDEO DE GERNIKA
Gogoeta ariketa Gernikan, inoiz ahantz ez dezagun
Orain dela 75 urte, Gobernu espainolaren aginduei jarraituz, Hitlerrek bidalitako Kondor Legioak goitik behera suntsitu zuen Gernika, herriaren eta euskaldunen bihotza errez. Mota askotako ekitaldiak izan ziren atzo Bizkaiko herrian, han gertatutakoaren oroimenari eusteko, eta berriro, inon ere, gerta ez dadin.
Mikel PASTOR
Asko aldatu da mundua hirurogeita hamabost urtetan. Izugarri. Tartean, gure herria zapaldu eta erreprimitu zuen diktadura frankista. Atzo, ordea, 1937ko apirilaren 26ra itzuli zen Gernika ordu batzuetan zehar, urteurrena ospatzeko ekitaldi mordoaren bitartez. Bidea memoria izanda, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin.
EITB taldeak goizean aurkeztu zuen «Gernika bajo las bombas» izenburupeko tv-moviea, beste telebista kate autonomikoekin egingo duen proiektua. Luis Marias da filmaren zuzendaria eta, azaldu zuenez, «pelikula egin aurretik sekulako dokumentazio eta ikerketa lana egin dugu».
Emaitza, 75 minutuko bi pelikula labur edo telebistarako film. Aipatzekoa da ETBk 30 urteko bizitza luzean egiten duen mota honetako lehendabiziko filma dela. Aurreneko filma, lehendabiziko atala, bonbardaketaren aurreko egunen inguruan kokatutakoa izango da, eta pertsonaiak aurkezteko balioko du.
Bigarren zatiak bonbak jaurti zirenekoa kontatuko du, eta pertsonaia nagusien historiak agertuko ditu. Lander Otaola, Aitor Mazo eta Marc Clotet kataluniarra ikusi ahal izango ditugu pantailan.
Sirena hotsen isiltasuna
Ekitaldi ugariren artean, eguerdi partean Eria plazan egindakoa izan zen, inolako duda barik, hunkigarriena eta ederrena. Lau minutu luzetan zehar, ehunka gernikar geldirik geratu ziren, isiltasunari eutsiz, denbora izoztu balitz bezala, toki berean, 75 urte aurretik eroritakoen oroimenez.
Deialdia laurak laurden gutxitarako jarria zuten, baina familia ugari minutu batzuk lehenago agertu ziren Gernikako Plazaren inguruetan, toki egokia hartzeko. Hiru belaunalditako jende multzoak zeuden, atzoko egunak sinbolizatzen zuenaren metafora paregabea. Iragana eta geroaldia, memoriaren hari finez lotuak.
Beranduxeago baina garaiz agertu ziren gazte kuadrillak, plazaren erdigunea okupatzera, eta bide batez, memoria faltari eta ahaztu nahi duten horiei duztiei mezu garbia bidaltzera: «Ez da horren erraza izango; gure gurasoen eta aititen barne suak gugan jarraituko du urte askotan zehar».
Puntu-puntuan ekin zion sirenak garrasi isilari. Airea zaurituz, bildutakoen bihotzak busti zituen, tristurak hartutako estatua bihurtuz. Ehunka pertsona, gertu, geldirik, begirada galduta. Hain gertu, baina aldi berean, hain urrun. Gogoratzeko uneak, oroimenak daukan bakartasunaren alegoria, sirena hots zaratatsuak lagunduta.
Zirkinik ere ez, begi itxiak, minak, sentipenak. Nagusiek ikusitako hegazkinak gazteen begi-ninietan sartzen. Beldur eta amorru kolektiboa, belaunaldi berrien bihotzetan barrena. Gernikarren harrotasuna, beste gauza guztien gainetik, eta kanpaikada zaratatsuak, oroimenean gordetako biktima isilen epitafioa.
Eguraldiak ere errespetua agertu zien eroritako gudari eta errugabeei, nagusi eta umeei, euririk gabeko giro atseginari eutsiz. Ekitaldia bukatu ahala, emozioari ezin eutsirik agian, esperotako euri tantak erori ziren. Horrenbeste min ekarritako zeruaren barkamen eskaera.
Egun bereziak epilogo berezia behar zuen Gernikan, eta azken agur hori auzokideek eman zieten eroritakoei, gaueko bederatzietan Foruen plazatik abiatu zen manifestaldian. Egunean zehar izandako ekintza guztietan parte hartze handia izan zen eta oso anitza, minak eta oroimenak soilik lor dezaketen kasu horietan gertatzen den bezala.
Manifestariek isiltasun betean zeharkatu zituzten Bizkaiko herriko kaleak, piztutako kandelak eskuetan. Kristal meheak babestutako su horrek gordeko ditu betiko gaurkoen sentipenak eta atzo eroritakoen izen-abizenak. Izan daitezela bakean.