GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

75 ANIVERSARIO DEL BOMBARDEO DE GERNIKA

«Lehenengo bonbez, lehenengo bonbez, eta gero guzurrez»

Kantuz oroitu zuten atzo arratsaldez gernikarrek duela 75 urteko sarraskia, 200 herritar inguruk parte hartu zuten «Gernika sutan» antzezlanarekin.

p007_f01_101x124.jpg

Ane ARRUTI

«Errautsetatik birjaio gara gu oraingo gernikarrok. Su ´ta garretan kiskildu ziran harexeen ondorengo». Horiexek izan ziren hain zuzen, oraingo gernikarrak, justiziarik ezagutu gabe jarraitzen duten haiei omenaldia egin zietenak. Carlos Panerak zuzenduta eta Eneritz Artetxek koordinatuta, iaz abiatu zuten «Gernika sutan» kantu-antzerki lan ibiltariak jende ugari omendu zuen: apirilaren 26 hartan hildakoak, Gernika birrindua berreraikitzera behartuak izan zirenak, gertatutakoa argitu nahian ahaleginen bat egin zuten guztiak eta oraindik ere horretan dabiltzanak.

Seber Altube auditoriumean hasi zuten kontaketa, Jose Antonio Agirre lehendakariaren, Dolores Ibarruri Pasionariaren eta Mola jeneralaren ahotsak entzunaraziz. Beldurgarriak azken honenak; «hay que sembrar el terror con una victoria aplastante y definitiva». Bitartean, herriko haurrak eskolatik atera eta jolasean ari ziren lasai, arropa urdinduekin, zerutik zetorrena zer zen asmatu ezinean. Baina etorri ziren bonbak eta beltzez jantzitako herioak dantzan ospatu zuen erretako neskatoaren ondoan. Abesbatzak lagundu zuen orduan, gertatutakoa ahaztu ez dadin kantatuz: «Indarraren legeak giltzapean egia, erre ebenak aske, nun dago justizia? Gernikarra! Erdu gogora ekarten gernikarra!».

Zeruko sua geldiezina zen, ordea, eskaileran igota suhiltzaile batek etsita kantatu zuen moduan. «Zelan amatau behar dot sua ura bera sutzen bajat? Giza kearen usaina eta haragi erreen zartak. Lurra bera be hain dago bero urtu behar jataz hankak!».

Bonbetatik ihesi arineketan Merkurio plazaraino egin zuten haur eta gurasoek. Gipuzkoatik etorritako errefuxiatuak ziren, ostera tren geltokira ihesi.

Baina dantzan jarraitu zuen herioak, pasodoble eta danbor soinu artean, okindegiko bi ahizpa erailak leihotik kantuan ari ziren bitartean: «Goittik begira adi gagoz okin bi, ahizta bi... hilek: gure errautsez egin leikezan opilek!».

Domingo Alegria plazan, berriz, baserritarrak hondakinen artetik ateratzeko ahaleginetan abestu zuten, bere hildako haurra besoetan zuen emakume bat leihotik negarrez ari zen bitartean. «Hau azaltzeko berbarik lur honetan ez dago. Adios ene maittia, adios sekulako!».

Foruen plazarako bidean, sugarretatik ezin libro, laguntza eske oihu egiten zuten etxeetatik herritarrek. Horiek guztiak omendu zituzten bukaeran, txalaparta, irrintzi, aurresku isil eta kantuekin, urdindua bai, baina azkeneraino zutik mantendu zuten ikurrinari eutsiz. «Betirako gora ba Gernika, hemen gagoz irrintzika!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo