GARA > Idatzia > Ekonomia

Kanpoko merkatuari so ospatu du Soralucek bere 5o. urteurrena

Soraluce kooperatibaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuten atzo Bergaran. Bertan, bazkide sortzaileei omenaldia egiteaz gain etorkizunera begira enpresak dituen erronkak azaldu zituzten. Batetik, kooperatibismoaren eredua garatzea eta generazio berrien parte hartzea sustatu nahi dute; eta bestetik, nazioarteko merkatua indartu, produkzioaren %90 kanpoko merkatuan saltzen duela kontuan izanik, hori baita Soraluceren indargune nagusia.

p035_f02.jpg

Iraia OIARZABAL | BERGARA

Mende erdi pasatu da Soraluce kooperatibako bazkide sortzaileek enpresaren lehen harria jarri zutenetik. Atzo, ospakizun eguna izan zen 52 bazkide horientzat, baita gaur egun Bergaran kokatuta dagoen kooperatiban lan egiten dutenentzat ere. Ekitaldi nagusian bi izan ziren mezu nagusiak, kooperatibismoaren aldeko apustua, batetik; eta kanpoko merkatuak urratzen jarraitzeko beharra, bestetik.

Jose Maria Aldekoa, Mondragon taldeko presidenteak emandako datuek argitzen dute nazioarteko merkatuaren aldeko apustu horren garrantzia. Izan re, gaur egun Soralucek bere produkzioaren %90 nazioartean saltzen du. Horrek, kanpoko merkatuetan pisu handien duten kooperatiben artean kokatzen du.

Fresatzeko makinak ekoizten ditu Soralucek. Horixe izan zen kooperatibaren lehenengo apustu estrategikoa, fresatzeko makinen negozioan sartu eta Alemanian saltzen hastea. Ordutik, arlo honetan indarra hartzen joan da Soraluce eta mundu zabalean gero eta presentzia handiagoa dauka. Guztira, 2.500 fresatzeko eta mandrinatzeko makina ditu hainbat herrialdetan zabalduta.

Rafa Barrenechea Danobatgroup-eko zuzendari eta Mondragon taldeko presidenteordeak esandakoaren arabera, nazioartera zabaltzea izan da Soraluce kooperatibaren gakoa eta aurrerantzean ere bide horretan jarraitzearen garrantziaz ohartarazi zuen.

Etorkizunaren erronka

Guztiak ez ziren kanpora begirako hitzak izan, ordea. Kooperatibismoaren ereduak oinarri sendo eta solidarioak dituela baieztatu zuen Aldekoak eta horrek emaitzetan eragin zuzena duela gaineratu zuen. Horregatik, kooperatibismoak etorkizunaren erronka izan behar duela nabarmendu zuen. Horixe da, hain zuzen ere, atzo 50. urteurrenaren kariaz estreinatu zuten eskulturaren izena: «Etorkizunaren erronkak».

Javier Muro iruindarra da eskulturaren egilea eta lanak biltzen dituen ideia nagusiak azaldu zituen bazkide sortzaileei eginiko omenaldian. Horrela, Soralucek egiten duen lanari begira, teknologian oinarritutako egitura eman nahi izan dio Murok eskulturari. Bestalde, Murok aitortutakoaren arabera, tamaina eta forma berdineko bost piezak osatzen dute lana. Pieza guztiak batzen direnean bat bakarra osatzen dute. «Kooperatibismoak bezala», baieztatu zuen Murok.

Etorkizunari begiratzeko ordea, iraganari ere begiratu behar zaio. Horregatik, 1962. urte hartan Soraluce sortu zuten 52 bazkide horientzako gorespen hitzak izan ziren nagusi. Eurak hasitako lanari jarraipena eman dioten langile eta bazkideei ere eskerrak eman zizkieten Aldekoak eta Barrenecheak eta hurrengoei ere lekukoa hartzeko deia luzatu zieten, «eskualdea modu solidarioan garatzen jarraitzeko». Ospakizunak gaur jarraituko du langileen senideentzat prestatutako bisitarekin.

ekitaldiak

Atzo bazkide fundatzaileei omenaldia egin zieten Bergaran, eta enpresaren kanpoaldean jarritako eskultura estreinatu zuten. Gaur langileen senideek lantegia bisitatzeko aukera izango dute.

2.500 makina

Nazioarteko merkatuan zentratuta dago Soraluce kooperatiba. Produkzioaren %90a kanpoko merkatuan saltzen du eta guztira 2.500 makina dauzka mundu zabalean sakabanatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo