GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Hastera doaz faboritoak agertzen

Gasteizen, Beran eta Lazkaon izango dituzte kanporaketak maila nagusiko aizkolariek. Asteartetik aurrera egin beharreko lana handiagoa izango da.

Jon LEUNDA

Faborito nagusiak hasi dira agertzen Urrezko Aizkoran, eta hori txapelketa bere unerik garrantzitsuenean sartzen ari den seinalea da. Asteburu luze honetan hiru ekinaldi izango dituzte maila nagusikoek, eta bat, berriz, gazteek.

Gaur, Gasteizen, Armentiako belardietan jokatuko da jardunaldia, 12.30etik aurrera. Bertan Mugertza II.a, Txapartegi, Zaldua, Otaño, Rodriguez I.a eta Zubiaga lehiatuko dira.

Lana laburra izaten da, eta edozein deskuidu nahikoa izaten da bai aurrera egiteko, eta bai atzera egiteko ere, egurraren arabera asko egoten baita. Izenak jadanik handiak dira, eta hor edonor sailkatu daiteke. Ezustea, handi horien artean Juan Rodriguez segoviarra ikustea da, baina orain artekoan lana ongi egin duen seinalea ere bada. Galtzeko gutxirekin eta ezustea emateko prest agertuko da Arabako hiriburuan.

Bihar, berriz, Beran izango da jardunaldia, 12.30ean hasita. Oihan Larretxea, Antonio Senosiain, Olano, Rekondo eta Xabier Mindegia arituko dira lanean. Horiekin batera gaur Armentian bigarren amaitzen duen aizkolaria ere izango da. Hemen ere lanak laburrak izango dira eta honelakoetan edonor da sailkatzeko gai. Gazteek hartuko dute protagonismoa, eta horiekin Antonio Senosiain arituko da. Zumaian lortu zuen sailkatzea orain dela bi aste. Lan motzean oraindik oso arriskutsua izaten jarraitzen du, eta gazteek lana ongi egin beharko dute bera mendean hartu eta sailkatu nahi baldin badute. Oihan Larretxea ere etxean arituko da. Kolpe handia eta abiadura biak uztartzen ditu Berakoak, eta biharko faborito nagusien artean agertzen da.

Lazkao

Lazkaon ere urteroko zita izango da. Gehienetan apirilaren 28an izaten da, baina aurten maiatzaren 1era pasatu dute, beraz asteartean 13.00etatik aurrera jokatuko da saioa. Hemen, gainera, lana ere aldatuko zaie.

Jexuxmari Mujika, Iñaki Azurmendi, Floren Nazabal, eta bihar bigarren geratzen den aizkolaria neurtuko dira. Ohikoak diren bost proba ezberdin egin beharko ditu aizkolari bakoitzak, eta lehenengo biak sailkatuko dira hurrengo kanporaketara.

Nazabal

Etxarriko txapeldun handiak ez zuen pasa den urteko txapelketan parte hartu, baina aurten arituko da, eta bere lehen saioa Lazkaon izango du asteartean.

Ezustea

Juan Rodriguez segoviarra da aurtengo ezustea. Inork gutxik uste zuen garai honetan oraindik kanporatu gabe egongo zenik, baina gaur ere Gasteizen izango da berea erakusteko asmotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo