Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Sariketak
Pulitzer saria, AEBetan den literatur saririk garrantzitsuena, saridunik gabe geratu da fikziozko kategorian. Hiru nobela iritsiak ziren azken txanpara: Karen Russellen «Swamplandia», David Foster Wallacek hil aurretik osaturiko azken lana, «The Pale King», eta iraganeko AEBetako mendebaldean kokaturiko Denis Johnsonen «Train Dreams».
Liburuok iaz argitaraturiko 341 nobelen artetik aukeratu zituzten Michael Cunninghamn idazleak eta Maureen Corrigan eta Susan Larson kritikarie k, eta Pulitzer sariaren batzordearen esku utzi zuten irabazlea erabakitzearen ardura. Azken horrek, baina, hamar mila dolarreko saria eman gabe utzi du. Hauxe da Pulitzerraren historian fikziozko saria eman gabe geratzen den hamaikagarren aldia; lehengoa 1977tik hona. Pulitzerra jasotako egileen artean daude Ernest Hemingway, Harper Lee, William Faulkner, John Updike, Philip Roth eta Toni Morrison, izen gutxi batzuk aipatzearren.
AEBetan serio hartzen dute Pulitzer saria, orain arte idazleak goraipatu eta beren lana goratzeko balio izan duelako. Pulitzerra jasotzea eta kanonaren parte bihurtzea gauza bera da. Oraingoan, baina, iaz Pulitzerra jasotzea merezi duen lanik ez zela argitaratu diote batzordekoek. Aizu, Pulitzerra ezin zaio edonori eman.
Literatur sariak ez dira unerik goxoena igarotzen ari. Inoiz izandako ospea galdu egin dute interes partikularrei maizegi men egin izateagatik. Batzuek esaten dute Pulitzerraren batzordearen erabakia erresistentzia ekintza modura ulertu beharko genukeela. Beste batzuentzat, ordea, gaur egungo literatur sistema igarotzen ari den une zailaren sintoma besterik ez da.