Besteen mugimenduek behartutako mugimendua
Madrilgo Gobernuaren «gizarteratze» planak erantzun ugari eragin ditu. Alde batetik, PSOEren, Lakuako Gobernuaren eta EAJren adostasuna; bestetik, ETAren biktimen zenbait elkartek eta PPko zenbait kidek PPk berak luzaroan elikatutako jarrera erakutsi dute, legearen aldarrikapenaren atzean mendekua baino ez dutela nahi argi utziz; eta azkenik, beste zenbait alderdik eta eragilek, planaren edukiari dagokionez, eskubideen errespetuari ezin zaiola baldintzarik jarri esan dute. Izan ere, presoak hurbiltzeko zenbait baldintza bete behar izatea ez da legea betetzea, presoek beren senideengandik ahalik eta hurbilena egoteko eskubidea baitute. Plan hori ez da euskal gizarteak eskatzen duena, ez da Gobernua konponbideen agertokian kokatzen duen mugimendua.
Hala ere, plan hori Madrilen lehenengo mugimendua da, eta behartutakoa, aro berriari ez ikusia egiten jarraitzea ezinezkoa gertatzen baitzaio. Euskal gizarteak, aro berri horren giltzarri gisa, eta nazioarteko eragile ugarik mugimenduak eskatu izan dizkiote, eta eurak mugitu egin dira, harik eta Madrili jarrera immobilistari eustea higadura eragiten hasi zaion arte. Izan ere, beste batzuk mugitu eta mugitu ari diren bitartean haren estrategia bakarra normalizazio eta bake prozesua geldiaraztea dela argi utzi duenean, bera ere konturatu da mugitu egin behar duela edo, gutxienez, horren itxurak egin.