GARA > Idatzia > Kultura

Anje Duhalde: «Publikorik gabe, musikariok ez gara deus»

Diskoa kaleratu berria duela eta kontzertuak ematen hasteko egun gutxi falta direla, Anje Duhalderekin hitz egiteko aukera izan du GARAk. Bere ibilbidean giltzarriak izan diren kantek, bertsio bik eta zokoratuta egon diren beste batzuek osatzen dute «Ibilean» lana. Diskoak aro baten amaiera adierazten du: aurrerantzean, musika akustikoagoa eta euskal kantu tradizionala jorratu nahi ditu. Agertokietatik aldentzeko asmorik ez duela esan digu Duhaldek.

p051_f01_200x117.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) zuzeneko disko berria besopean datorkigu: «Ibilean» (Elkar). Iazko urtarrilean eta otsailean Ondarroako eta Bilboko kafe antzokietan grabatuta, «derrigorrezkoak» eta «bazterrean» ziren beste kanta batzuk gordetzen dituen lan honek «fase baten amaiera» adierazten du. Aurrerantzean, bere alde akustikoa eta kantu tradizionala jorratuko ditu.

Hau ez da Anje Duhaldek zuzenekoan grabatu duen aurreneko lana: aurretiaz, Errobiren «Bizi bizian» (Xoxoa, 1978), eta, bakarlari moduan, «Zuzenean» (Elkar, 1993) eta «George Brassens kantari» (Elkar, 2001) egin zituen. «Sekula ez dut gogoko estudioan sartzea», esan dio GARAri Duhaldek; «izan ere, musikariok ez gara deus publikorik gabe. Zuzenekoa funtsezkoa da, musikari baten eginkizuna jotzea baita, eta bestalde, nik betidanik izan dut gogoko publikoarekiko harremana».

Diskoa grabatzerakoan, lekua aukeratzeko ez zuen arazorik izan: «Bilboko Kafe Antzokia izkina guztietatik ezagutzen dut eta Ondarroakoan ere etxean bezala sentitzen naiz. Nire agertoki kuttunak dira».

Diskoak hamar kanta dakartza: «Ez genuen 1993an grabatutakoa errepikatu nahi izan. Batzuk -«Eperra», kasu- derrigorrezko kantak diren arren, ikusleek beti eskatzen dituzten horiek diren arren, birmoldatu egin ditugu. Beste batzuk, ordea, bazterrean geratu diren kantak ditugu: 16 edo 18 disko ditut eta horietan diren kanta guztiak jotzea ezinezkoa da». Badira ere John Hiatt estatubatuarraren kanta biren bertsioak («Gitarra zahar honekin» eta «Gogoaren baitan»). Diskoari amaiera ematen diona, «Kantu hau zuretzat», entzuleei eskainia da: «Lehen esan dudan bezala, estimatzekoa da entzuleekin dudan kontaktua. Publikoak beroa eta maitasuna dakartza, baita gorrotoa ere; hori guztia oso garrantzitsua da niretzat pertsona eta kantari bezala. Horixe da kantaren zioa».

Fase baten amaiera

Disko berri hau «fase baten amaiera da, konklusioa», azaldu digu Anje Duhaldek. Aurrerantzean zer egingo duen galdetuta, egungoa baino «akustikoagoa» izango den musika egingo duela erantzuten digu. 70eko folka oso gogoko duenez, posiblea da oso ildo horretatik segitzea. «Bestalde, kantu tradizionala jorratu nahi dut. Baditut perla batzuk, grabatuta ez dauden kantak, jendeak ezagutzen ez dituenak eta ondo legoke haiek grabatzea memorian gera daitezen: etxeetan, familietan, gero eta transmisio gutxiago dago eta norbaitek egin beharko du lan hori». Maiatzaren 13an, Senpereko Herri Urratsen, hasiko da lan berria aurkezten.

ZUZENEKOA

Estudioko lanak baino nahiago ditu Duhaldek zuzenean grabatuak. Honako hau zuzenekotik grabatu duen laugarrena da: Bilboko eta Ondarroako kafe antzokietan jotako kontzertuak biltzen ditu.

Fitxa

Izena: «Ibilean».

Grabatze data: 2011ko urtarrilean eta otsailean (Bilboko eta Ondarroako kafe antzokietan).

Diskoetxea: Elkar.

Kantak: Hamar kanta.

Prezioa: 16,85 euro.

Anjeren berrogei urteko ibilbide oparoa

Agertokietan berrogei urte darama Anje Duhaldek, 18 disko grabatu dituela: bost Errobirekin, beste bi Akelarre taldearekin eta gainerakoak bakarlari moduan.

«Ibilean» honetako grabaketan parte hartu dute azken hamabi urteotan bere banda osatu dutenek: Txomin Duhalde (ahotsa, bateria eta perkusioak), Remy Gachis (ahotsa, gitarra elektrikoa eta akustikoa) eta Iñigo Telletxea (baxua). Urbil Artola (lapsteel gitarra) gonbidatu berezia izan dute hiru kantetan. «Askotan esaten dut taldea baino haurtzaindegia dudala, nire semeak izan daitezkeelako», esan digu Anjek. «Oso gazteak badira ere, oso musikari trebeak ditugu». Oraindik ez daki ziur bere ibilbidean hasi nahi duen aro berrian talde horrekin jarraituko duen.

Diskoa Ondarroako eta Bilboko bi zuzenekotan grabatu zuten. Teknikariak Maikel Garcia eta Mikel Ugarte izan dira, eta nahasketak eta masterizazioa Berako Mik estudioan egin ditu Maikelek. Soinu elektriko indartsuak zein akustikoak ditu. Duhaldek konposatutako kantez gain, miresten duen John Hiatten bertsio bi ere badira. Diskoa bere ibilbide osoaren erakusgarri da. A. H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo