GARA > Idatzia > Kultura

«Indartsu» agertuko da, ekainaren amaieran, EHZ jaialdia Heletan

Miyavi, Sepultura, Public Enemy, Lisabö, 17 Hippies, Bebe, Vendetta eta The Abyssinians taldeek osatuko dute, besteak beste datorren ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1ean Heletan iraganen den EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren programazioa.

Ainize BUTRON | BAIONA

Talde mitikoen eta berrien artean «zubiak eraiki» nahi izan dituzte EHZ jaialdiko antolatzaileek aurten ere hiru egunez eskainiko duten programazioan. «Ausartak eta berritzaileak izaten saiatu gara», nabarmendu zuen Eneko Etxegarai lehendakariak.

Horrela, ekainaren 29ko lehenengo gaualdian agertuko den Public Enemy New Yorkeko rap talde mitikoa, Sepultura bezalako trash metal taldea, Youssoupha Kinshasako rap abeslaria, Berlineko 17 Hippies txaranga, eta bereziki, Japoniako Miyavi gitarrista entzun eta ikusten ahalko dira. Azken abeslari horri dagokionez, jaialdian, «sorpresa» sortuko duela aipatu zuen Johanes Garzia antolatzaileak.

Aurten, gehienbat «testu engaiatuak» dituzten taldeak elkartu dituztela azalduz jarraitu zuen Garziak, eta egitaraua hitz bakar batean laburbildu beharko balitz, «indarra» hitza baliatu beharko zela nabarmendu zuen. «Indarra», ostiralean bertan agertuko da, Gojira edo Public Enemy taldeekin. Horiei gehituko zaizkie, Danakyl reggae taldea, Bilboko We Are Standard elektrodance-rock taldea, eta Anai Arrebak. Larunbatean, berriz, Sepultura, The Bloody Beetroots Italiako taldea, Lisabö irundarrak, eta Esne Beltza Hernaniko reggae ska taldea arituko dira, Youssoupha eta 17 Hippies taldeekin.

Jaialdiak jarraituko du igandean, eta urtero bezala, egitarauan giro herrikoia plazaratu nahi izan dute antolatzaileek. The Abyssianians eta Raggasonic reggae eta ragga taldeekin, Bebe Extremadurako pop musikaria, Su ta Gar, HK et Saltimbanks Lilleko Chaabi-RAP alaia taldea, eta azkenik Iruñeko Vendetta ska rock taldea izango dira.

Azken lau urteotan, jaialdia Heletan kokatu zenetik, izan duen arrakasta lortzeko osagaiak errepikatu eginen dira aurtengo edizioan. Gaueko musika doinu nahasketez gain, herrian izango da zer egin eta zer ikusi ere egunean osoan zehar. Izan ere, Heletan egun osoan giro berezia izango da musika talde, dantza ikusgarri, antzerki emanaldi, erakusketa eta hitzaldiei esker.

Aniztasuna egunean zehar

Dantza emanaldien aldetik, Dantzaz taldea eta Kukai konpainia «Sorbatza» ikusgarri berriarekin izango dira. Antzerkiak ere leku berezia izango du. Battitta4Ttitta eta Kitzikatzan taldeetako bost jokalarik jaialdirako sortutako antzerki ikusgarria eskainiko da, eta Miren Gaztañaga eta Josune Monton antzerkilariak ere agertuko dira. Nantesetik datorren focdamn katx borrokalarien federazioak aipatu zituen bereziki Amaia Boloki antolatzaileak, Heletako «plaza inarrosiko» dutela goraipatuz. Egunez egun, hainbat gaien inguruan, hitzaldiak ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo