HAUR LITERATURA
Lagun minak
Asun AGIRIANO
Ikas pedagogia zerbitzua argitaletxeak oraingoan ere, 2011n, album ilustratu garrantzitsu bat ekarri digu eskura, «Otsoño» izenekoa, alegia. Izan ere, Philippe Corentin-en «Plast!» ipuin umoretsu eta bizia hizpide izan genuela urtebete bada (ikus GARA, 2011-04-2). Gaurkoan, Solotareff ilustratzaile ausart eta ezagunaren eskutik, untxiarekin batera protagonista nagusitzat otsoa hartzen duen istorioa dugu. Solotareff-en kontakizunetan untxia eta otsoa dira, sarri, haria daramaten animaliak. Egilea Alexandrian jaio zen 1953an eta, egun, Parisen bizi da. Ama Egipton errefuxiatu zen margolari errusiarra zuen, eta bera, medikuntza ikasi arren, ilustrazio munduan hasi zen. 1985ean lehenengo album ilustratua argitaratu zuen, eta handik lau urtera, «Otsoño» liburua kaleratu zuen Frantzian.
Istorioaren nondik-norakoa xumea da: otso gaztea osabarekin batera ehizara ateratzen da, gauza ugari ditu-eta ikasteko. Osabak, arrapaladan doala, haitz bat jo, eta seko hilik geratuko da. Otsoño bakarrik dago eta, laguntza eske dabilela, Txom ezagutuko du, inoiz otsorik ikusi gabeko untxi lasaia. Elkar ezagutuz, jolasten hasiko dira: batak besteari arineketan azkarrena izaten erakutsiko dio, untxiak arrantza eta irakurtzea zer den irakatsiko dio otsoari... Eta, otsoaren-beldur jokoan, ordura arte ezezaguna zuen benetako izua sentituko du untxiak. Otsoño, aldiz, ez da ikaratuko untxiaren-beldur ari direlarik. Batzuetan, istorio dibertigarria dirudien arren, goxoa da, ezusteko ugari emango diguna. Narratzaile bezala, Solotareff istorio asmatzaile zehatz eta interesgarria dugu. Honetan ere, eskutik datoz haur-literaturako bi gai ohikoak: adiskidetasuna eta beldurra. Solotareff-ek bakardadea, adiskidetasuna eta hurkoaren ezberdintasuna ulertzeko gaitasuna miatzen ditu, eta, horretarako, otsoak iradokitzen duen jatorrizko beldurraren arketipoa erabiliko du. Haurrari sinesgaitza egiten bazaio ere, zeharo ezberdinak diren animaliak lagun egingo dira, untxiak inoiz ez baitu otsoa gertutik ikusi, eta gauza bera gertatu baitzaio otsoari. Beraz, elkar ezagutzen duten heinean, mina ere zer den jakingo dute, lagun minek ere inoiz mina ekartzen baitigute. Adiskidetasun istorioetan gertatzen den bezala, une pozgarriak eta tristeagoak edo garratzagoak biziko dituzte. Solotareff-en kontakizunetan, xehetasunak gora-behera, azaltzen zaizkigun protagonistek gutxitan izaten dute izaera maltzurra edo gogorra, eta askotan inozoak eta onberak dira, eta izaera hori da, hain zuzen ere, ipuinen bukaeran gailentzen dena. Ilustratzaile lanetan, gustuko dut Solotareff-en estetika modernoa, itxura batean sinplea, baina ia beti kolore biziak, indartsuak erabiltzen dituena: gorria, beltza, horia eta urdina.
Iparraldeko Ikas argitaletxeak itzulitako liburua izanik, lehenengo irakurraldian zenbait berba arrotz egingo zaizkigu; baina testuaren handicap-a alde batera utzita, ilustrazio abangoardistaren proposamenak interesgarria egiten du albuma bera. «1001 Libros infantiles que hay que leer antes de crecer» antologian (Quentin Blake; Julia Eccleshare, Grijalbo 2010) «Otsoño» da egile honen gomendatutako liburu bakarra. Euskaraz izatea zoriona da.