GARA > Idatzia > Mundua

AEBek 9.000 marine aterako dituzte Okinawako baseetatik

Japoniak eta AEBek 9.000 marine Okinawako uhartetik ateratzea adostu dute. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuetako presentzia militar zabalak sortutako beste auziek geldirik jarraitzen dute. Okinawako biztanle ugarik uste dute segurtasun faltaren iturri direla militarrak.

p026_f01_148x104.jpg

GARA | TOKIO

«9.000 marine inguru, euren familiekin batera, Okinawatik aterako dira, Japoniatik kanpoko beste destino batera», adierazi zuten Japoniako eta AEBetako gobernuek, agiri bateratu batean. Guam uharte estrategikora, Hawaiira eta Australiara eramango dituzte Okinawako marineak. Hala ere, oraindik ez da ezer aurreratu bi aldeek konpondu gabe daukaten auzi nagusian, hau da, Futenmako basearen tokialdatzea, aspaldian blokeatuta dagoena.

Koichiro Gemba Atzerri ministro japoniarraren iritziz, marineak irteteko akordioa beharrezkoa zen, azkar aldatzen ari den eskualde horren errealitateari moldatzeko, batez ere Txina hartzen ari den gero eta indar handiagoa dela-eta. «Segurtasunaren inguruan dauden aldaketak ez dira gure zain egongo. Japoniak eta AEBek euren ardurak hartu eta planak berehala ezarri behar dituzte», azaldu zuen.

Negoziazioa blokeatuta

«Gaur egun aurkitu dugun irtenbide bideragarri bakarra izan da», adierazi zuten bi aldeek egindako komunikatuan.

Funtemako basearen lekualdatzearen arazoak «dena gelditu izan du. Aurrera jo behar dugu ahal den beste arlo guztietan», gaineratu zuen ministroak. 2006an Washingtonek onartu zuen Futenmako hegazkin-basea, hiri inguru batean kokatua, babestutako badia batera aldatzea. Baina basea behin betiko ixtea eskatzen dute soldadu amerikarrek bertan jarraitzearen kontra daudenek. «Plan berria adostu dugu, Futenmaren lekualdatzea beste auzietatik banatzeko: marineen irteera eta Okinawako leku batzuen berreskurapena, alegia», adierazi zuen Ichiro Fujisakik AEBetan ari den enbaxadore japoniarrak.

Okinawan ezarritako militar eta base ugariek bi herrien arteko arazoak sortu dituzte aspaldian. Japonia osoko 47.000 soldaduen erdiak bertan daude, nahiz eta haren azalera Japonia osoaren %1 baino ez izan. Okinawako biztanleen ustez, AEBetako Armadaren presentziak delitu kopuru handia, kutsadura eta istripuak sortu ditu.

AEBentzat, marineen lekualdatzea Asian bere baliabideak berrantolatzeko estrategiaren zatia da. «Lekualdatze hauen bitartez, gobernu amerikarrak Mendebaldeko Pazifikoan gaur egun duen presentzia militarra eta ahalmen militarra garatzeko asmoa erakusten du», adierazi zuten agirian. Operazioa burutzeko beharko diren 8.600 milioi dolarretatik 3.100 milioi Japoniak ordainduko du.

hegazkin basea

Aspalditik blokeatuta jarraitzen du Futenma hegazkin-basearen auziak. Washingtonek babestutako badia batera aldatu nahi du. AEBen presentzia militarraren kontra daudenek behin betiko itxiera eskatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo