GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakakoa

Waltaririk gabeko finala jokatuko da Modernen

Bielle eta Ozafrain Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira.

p049_f01_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Aspaldiko partez Waltari ez da izango Baionako finalean. Azkenaldian Kubakoa bai Binakakoan, edo Buruz Burukoan, Mastersean, edo Superprestigioko azken neurketetan izaten zen, baina aurtengoan harmailetatik ikusi beharko du finala.

Gaur 18.00etatik aurrera Bielle eta Ozafrain Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira. Dudarik gabe Txapelketako bi talderik onenak sartu dira azken neurketa honetan, biak jokatutako partida guztiak irabazita datoz. Gaur bietako batek galdu egin beharko du, ordea. Hasi aurretik dirua Ibarrolaren eta Harizmendiren alde dago, eta gaur Modernen bertan ere horrela egongo da.

«Egia esan orain arteko partidak nahiko erraz irabazi ditugu. Hobea izaten da, gutxienez, partida zail bat ere jokatzea, baina ez dugu horren beharrik izan. Besteek, berriz, jokatu dute partida zailen bat edo beste. Bestetik, gehiegi behartu gabe finalera iristea ere ez dago gaizki, horrela eskuak ere hobeto ditugulako. Beraz, iritsi garen bezala iristeak bere alde onak eta txarrak ditu», esan zuen Patrick Ibarrola beteranoak.

Hasierako faboritoak

Txapelketa aurkeztu zenean garbi zegoen Ibarrola eta Ozafrain zirela faborito nagusiak. Bien artean oso bikote sendoa osatzen dute. Aurrelari beteranoa sasoi betean dago. Bere sakearekin min handia egiten du, eta are gehiago Moderne bezalako trinket azkar batean.

Atzean, berriz, Harizmendi izango du. Ezker paretatik trinketera itzuli zenetik hau da bere unerik ederrena. Askoren ustez bera da une honetako atzelaririk onena. Bere lehen finala da, baina ez du inork uste horrek eraginik egingo dionik, eskarmentu handia baitauka.

Beste aldean Ozafrainek hartu behar du partidako ardura. Binakakoan eta Buruz Burukoan txapelak jantzitako pilotaria da. Adinean aurrera badoa, eta horrek freskotasuna kendu dio, baina duen eskarmentuarekin beste gauza batzuk irabazi ditu.

Bere aurretik Biellek jokatuko du. Finaleko gazteena da, eta berriena ere bada, eta aldi berean eskarmenturik gutxien duena ere bai. Orain arte ongi lagundu dio Bankako atzelari beteranoari, baina orain zaleen kezka da ea finalaren tentsioak eta urduritasunak gain hartuko ote dion. Ozafrainek ez du uste hori gertatuko denik, eta beren aukerak aprobetxatzen saiatuko direla dio Bankakoak.

Gaurko finalean, gainera, aurrez aurre bi lagun handi izango dira: Ibarrola eta Ozafrain. Biak Nafarroa Beherekoak, biak ia adin berekoak, eta egun profesionaletan dauden beteranoenetakoak dira. Elkarrekin makina bat aldiz jokatutakoak dira, eta biak batera bi txapel ere jantzi zituzten Binakakoan. Gaur, ordea, elkarren aurka neurtuko dira, eta bietako batek bakarrik jantziko du txapela.

Sarrera ere handia espero da gaur Baionako Modernen. 1.300 pertsona sartzen dira, eta harmailak betetzea espero da. Astean zehar sarreren salmenta oso ongi joan dela diote antolatzaileek, eta geratzen direnak bihar bertan saltzea espero dute. Orain finala ederra eta ikusgarria izatea komeni da, zaleek eskertuko lukete-eta.

Profesional ohi guztiak gonbidatuta daude

Antolatzaileek gaurko finala pilotaren festa bat izatea nahi dute. Horretarako, trinketeko eskupilota profesionalean aritu diren eta bizirik dauden guztiak gonbidatuta daude gaur jokatuko den finalera. Festa, ordea, ez da amaituko norgehiagokaren ostean. Gero, afaria dago, eta animazio faltarik ere ez da izango. «Betiko gure gauzak elkarrekin partekatzea nahi dugu, guztiontzat egun polit bat izatea da gure helburua», esan zuen Philippe Karrikart profesional ohi eta egungo eliteko txapelketako antolatzaileak. Jaialdia, berriz, 16.30ean hasiko da, eta amateurren binakako norgehiagoka bat jokatuko da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo