GARA > Idatzia > Euskal Herria

40 urteko historiaren ibilbidea, Azkaineko ikastolak izan dituen egoitzak bisitatuz

Herri Urratsek Ipar Euskal Herriko ikastolak bildu baino astebete lehenago, Azkaineko ikastolak 40 urteko historian parte hartu duten protagonistak elkartuko ditu. Lau hamarkadetan ikastolak izan dituen lau egoitzen itzulia egingo dute bihar arratsaldean. Azkaineko plazan hasi eta egoitza berri baten eskaerarekin bukatuko da egungo ikastolan.

p016_f02_140x108.jpg

Idoia ERASO

Askatasuna. Hitz bat aukeratu beharko banu ikastola sortu zenean eta egungo egoeraren arteko ezberdintasuna definitzeko, hori litzateke. Gurasoek askatasun gehiagorekin hautatzen dute ikastola, lasaikiago. Euskara bera beste erakusleiho batetik ikusia baita, euskarak orain eguzkiaren itxura du hodeiarena baino, euskara ederra baita», esan digu Graxi Solorzanok. Azkaineko ikastolaren lehen urteak bizi izan zituen ama honek horrela azaldu du gizartean izan den garapena.

Bihar arratsaldeko bostetatik aurrera Azkaineko karriketan zehar egingo duten ibilbidean horrelako testigantzak entzungo dira. «Interesgarria da duela 40 urte hor ziren gurasoen oroitzapenak entzutea. Polita izanen da ikustea nola zen, zeren eta egiazki dena zen egitekoa, baziren hor ama batzuk prest moketak pausatzeko, beste aita bat tintan aritzeko... Gauza irringarri eta gogor batzuk aterako dira», adierazi du Bernadette Luro Iratzokik, ikastolako zuzendariak.

Solorzanok garai hartako egoera honela azaldu du: «Hastapenak ziren, lehen ikastolak ziren hemen, Azkainen aski fite sortu zen. Haur gutxi ziren eta jendea uzkur zen ikastola beste aldekoa baitzen, eta gogo batzuetan ETAri eta politikari lotua zen. Ez zen euskara hizkuntza bezala hartzeko parada gisa sentitzen, horretarako zaila zen».

Ama azkaindarrak azaldu duenez, eraikitzeko gauza anitz baziren, bereziki dirua biltzeko: «Pittaka guraso multzo bat muntatu zen eta Azkaineko bestetan ostatua egiten hasi ginen. Lehen urteetan zaila zen, zeren eta azkaindar gutxi-gutxi ziren hurbiltzen, urrundik so egiten zuten ea nor zen lanean. Beharrik bazirela Zugarramurdiko gazteak sagarnoa edatera etortzen zirenak».

Egoera gogorra izanik ere, ez zuten denek berdin pairatu. «Herri txiki honetan lehen urteak ez ziren errazak izan gurasoentzat, baina nik irakasle gisa ez dut inoiz problemarik izan», nabarmendu du 1987tik irakasle aritu izan den Bernadette Luro Irazokik. Eta gehitu du: «Familia txiki bat zen, betidanik gurasoekin harreman arras goxoak izan ditugu». Ikasleek ere ikastolaren alderdi onak bizi zituztela nabarmendu du Solorzanok: «Gure haurrek, bost izan ditugu, beti izigarri ongi pasatu dute, ez dute behin ere egun batez etxean egon nahi izan».

Haurrei begiratuta ere aldaketa nabaria dela uste du egun amatxi den Solorzanok: «Orain gure alabek haurrak ikastolara eramaten dituzte poz handiarekin, normaltasunean eta giro onean. Lehen giroa barnean ona zen, baina denak egitekoak ziren». Hala ere, gaineratu du: «Ez da mirakulurik izan, aldaketa emeki eman da, eta egun ere bada jendea oraindik ez dena prest urrats hori egiteko. Euskara hain izan da mespretxatua, non baden belaunaldi bat arrunt baztertu duena eta pentsatu duena ez zela beste hizkuntzen mailakoa».

Zuzendariak ere aldaketa nabaritu du eguneroko lanean: «Emeki-emeki ireki da beste eskoletako eskubideak jasotzeko bidea. Sentitzen da berdintasunera ailegatzen ari garela besteen ikuspegitik, guk bagenekien besteak bezalakoak ginela, baina ez zen beti hain bistakoa».

Lehen Hezkuntza

Hogeita hamabost urtez Azkaineko ikastolak Haur Hezkuntza eskaintzen zuen bakarrik, duela bost urte Lehen Hezkuntza ere bada, eta geroztik garapena handia izan dela nabarmendu du zuzendariak: «Hastapenean hamar haur ziren, gero haurren kopurua emendatuz joan zen, 35 ingurura arte. Lehen maila 2007an ireki zen, eta orain 90 haur ditugu, ehun inguru izanen ditugu heldu den urtean, eta toki eskasian gara. Lehenbailehen behar dugu hori konpondu». Ikastolak ospakizunarekin bat egingo duen egoitza baten aldarrikapena egin du zuzendariak.

Hazkundeak dakarren aldaketa ere aipatu du irakasleak: «Publikoa zabaltzen ari da, eta horrek erran nahi du ikasleen aldetik frantsesa gero eta gehiago sartzen dela».

Aurten lehenengoz ikasle azkaindarrek oinarrizko hezkuntza osoa herrian egin dezakete. Hori ere ospatzeko, ikastolako haur, irakasle eta gurasoek disko bat egin dute: «Bidaia». Haurrek herritik kanpo egingo duten bidaiarekin bat eginez. Izan ere, ikastola betidanik musika eta besta izan da. Heldu den maiatzaren 13an Senperen ospatuko den Herri Urrats bezala, non ohi bezala nahi adina musika, antzerki, jolas... izango diren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo