GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Azkeneko partidara lasai joateko, Biarritzek Montpellierren irabazi behar du

Biarritzek gaur bertan lor dezake datorren urtean Top 14an jarraitzeko txartela. Horretarako garaipena lortu behar du Montpellierren. Lau puntuak eskuratzen baditu, azkeneko jardunaldian ez du inongo kezkarik izango, eta European Challengeko finala behar bezala prestatu ahal izango luke.

Galduz gero, ordea, ikusi egin beharko litzateke bihar bere aurkari zuzenek zer egiten duten, baina salbazioa bere eskuetan izaten jarraituko luke; hori bai, amaierako partidan ezingo luke hutsik egin. Beraz, dena gaur bertan lortuz gero, bukaera askoz lasaiagoa izango da.

20.45etik aurrera Montpellierren jokatuko duen norgehiagoka, ordea, ez da batere erraza izango. Aurrean duen taldeak ez dauka segurtatuta final-laurdenak jokatzeko txartela, eta haiek ere garaipenaren bila aterako dira. Bietako inori ez zaio komeni galtzea, beraien helburuak arriskuan jarriko baitira. Horrelakoetan partidak ez dira ikusgarriak izaten, eta gutxitan lortzen dituzte entsegu asko. Honelakoetan zigorrik gehien egiten duen taldeak galtzeko arrisku handia izan dezake.

Gaur bezalako partidetarako beharrezkoak izaten dira jaurtitzaile onak, eta Dimitri Yachviliren lana ezinbestekoa izango da euskaldunentzat. Bestela ere horrela izaten da, eta honelako neurketa garrantzitsuetan oraindik eta pisu handiagoa hartzen du bere jardunak. Hauxe da zuri-gorriek denboraldi osoan izan duten boladarik onena, eta helburua lortzeko horretaz baliatu egin behar dira.

Avironek ere asko du jokoan, Top 14an jarraitzea jokatuko baitu geratzen diren bi jardunaldietan. Une honetan azken-aurreko postuan Briverekin berdinduta dago. Lyon jadanik jaitsita dago, eta beste txartel bat dago jokoan. Zuri-urdinek bihar Agen hartuko dute Jean Dauguerren, 14.15ean. Hori galtzen badute, ez dute erraza izango maila nagusian jarraitzea.

Agenen egoera askoz ere hobea da, baina hauek ere ez daude jaitsieratik kanpo. Gaur Baionan irabaziko balute, edo berdinketa lortu, orduan bai geratuko liratekeela arrisku guztietatik libre. Avironentzat ezinbestekoa da irabaztea, bestela gauzak oso oker geratuko zaizkio azkeneko jardunaldirako. Puntu gehigarria ere lortuko balu, bikaina izango litzateke, baina gauzak dauden bezala, garaipen bat ere ez litzateke gutxi. Jean Dauguer bete egingo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo