J. Ortuñez
Doktrina eta plana
Prozesuaren abiadura moteldu nahian dabiltza eta eskaera etengabeekin etsipena zabaldu nahi dute. Horixe baita «vía Nanclares»-ek laburbiltzen duen damua eta xantaia
Sei hilabete igaro dira Aieteko Adierazpena izenpetu zenetik eta beste horrenbeste ETAk bere ekintza armatuen behin betiko amaiera iragarri zuenetik. Alta, gaurko ezaugarri nagusia Estatu espainiarraren pultsua dugu. Aipatu erabaki historiko horiei muzin egiten diena. Azken hilabetean bakarrik, bahiturik zeuzkaten lau euskal herritar kaleratu ahala beste bi atxilotu dituzte. Areago, lauk bere zigor oso-osoa betea zuten eta horietako hiruri, gainera, espetxeratze-dataz haragoko bahiketa gehitu zieten 197/2006 delako doktrina-aitzakia medio. Bistan dago, orain arte bezala, egoera hau pairatzen duten lehenak espetxean bahitu euskal herritarrak dira. Estatuak inoiz baino tematiago erakusten du bere krudelkeria gupidagabea eta hor dugu azken boladako zerrenda hitsa: hamaika kunda, sute bat, zortzi bakartasun egoera... edo zirkular administratibo bat zenbait presori miaketa zorrotza aginduz. Eta zer esanik ez Txus Martin edota Aitzol Gogorza bezalako presoen egoera larria, egunerokoak izanagatik ez baitira premia txikiagokoak.
Legearen aplikazioaz mintzo denean, baina, arretaz ibili behar da. Legedi horixe baita funtsean euskal herritarrak bahitzen dituena. Izan ere, herria ez da arautegirik eskatzen ari, muturreko egoerak altxatzea baizik. Zentzu horretan, Konstituzionalak bizi-osorako doktrina berresteak Estatuaren uneko helburua zein den garbi erakusten digu, eta ez gaitezen tronpa: nabardurak gorabehera, Estatuko botereek bat egiten dute afera honetan. Prozesuaren abiadura moteldu nahian dabiltza eta eskaera etengabeekin (barkamena, biktimak, kolaborazioa...) etsipena zabaldu nahi dute. Horixe baita «vía Nanclares»-ek laburbiltzen duen damua eta xantaia. Doktrinarekin ate guztiak itxi nahi dituzte, horrela prozesu demokratikoari berari ere ateak itxiko dizkiotelakoan. Argi hitz egin dezagun: ez gaude impasse batean, Estatuaren aldetiko blokeo asmo ukaezinaren aurrean baizik. Aldi berean, legegileak epaileen esku utzi du bere betebeharra, eta epaileek berea Administrazioarenean. Jakin bagenekien botere banaketa kimera hutsa zela estatu horietan.
Ikuspegi juridiko soil batetik begiratuta ere, Konstituzionalarena oso epai ahula dugu. Hortaz, argi dago erabaki politiko bat dela eta erabaki zatar horrekin Euskal Herriaren urratsak gelditzeko jo nahi dituztela euskal presoak: horra hor hainbeste inbutu, doktrina eta oraingo «perpetua revisable» delakoaren zergatia. Zigor Zuzenbidea eta errepresioa Europako mailan jarri nahi dituztela diote, baina ahazten dute Europan zigor handienak ez dituela 25 edo 30 urte gainditzen (handiak izanda ere). Nolabait, 2006ko egoerara itzultzen zaigu Gobernua. Hori bai, orduko hartako akordiorik ez oraingoan. Atearen itxiera irudikatuz, Konstituzionalaren erabakiak kontraesanak bilatzen ditu presoen artean eta harago senideengan ere, jendartean zalantzak eta etsipena sortzeko.
Orain, Langraizko bidearen porrota eta euskaldunen aurka urte luzez erabili dituzten salbuespen neurriak lehen aldiz onartuz, espainiar Gobernua mugiarazi dugu, baina norabide zuzena markatu behar zaio. Halere, eta balorapen zehatzagoetan sartu gabe oraingoz, Estatuak bere posizioak indartzeko baliatuko du plangintza hau, euskal presoen premiei erantzuten ez diena.
Horregatik, uneko lehentasuna salbuespen neurriak altxatzean datza eta hor jarri behar ditugu indarrak fase honetan. Horretarako, indar metaketa eta sektore guzti-guztien inplikazioa ezinbestekoak dira. Prozesu demokratikoa indarberritzeko garaia da eta horretan aritu behar gara denok, salbuespenik gabe.