GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuak lagunduko dituzte Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuentzako diru laguntzak aurreikusi ditu aurrenekoz. Horrez gain, giza eskubideen defentsa bultzatzen duten ekimenak ere lagunduko ditu.

GARA | DONOSTIA

«Altxamendu militarrean, Gerra Zibilean eta diktadura frankistan zehar Gipuzkoan izandako edo gipuzkoarrek jasandako gertaeren oroimena berreskuratu, egia ezagutu eta gertaerak aitortzea xede duten proiektuak» laguntzeko asmoa azaldu du aurrenekoz Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta diru partida bat egokitu du helburu horri begira.

Jakinarazi duenez, dagoeneko 200.000 euroko diru partida gorde du Martin Garitanoren foru gobernuak 2012ko deialdiari aurre egiteko. Diputaziotik bertatik azaldu dutenez, «oroimen historikoa berreskuratzeko prozesuekin eta eskubideak urratu zizkieten pertsonen aintzatespenarekin» Foru Aldundiak duen konpromisoa erakusten du neurriak.

«Gertaerei buruzko ikerketak, aintzatespen eta oroimen ekitaldiak, argitalpenak eta materialak, hezkuntza eta prestakuntza programak eta sentsibilizazio eta zabalkunde programak» espero dituzte eskaeren artean, eta, zehaztu dutenez, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritza Nagusiak bideratuko ditu diru laguntzak.

«Bakea lortzen» lagundu

Bestalde, «normalizazioa, adiskidetzea eta bakea lortzen» laguntzeko, beste diru laguntza ildo bat ere aurreikusi du zuzendaritzak, «pertsona guztien giza eskubideak oinarri hartuta», zehaztu dutenez.

Atal horretan, «prestakuntza eta trebakuntza programak» lagundu nahi ditu Gipuzkoako Diputazioak, baita «materialak eta argitalpenak, dokumentazioa eta informazioa, zabalkundea eta sentsibilizazioa eta hausnarketa eta ikerketa» bultzatzeko sor daitezkeen ekimenak ere. Arlo horretan, 165.000 euro banatuko dira diru laguntzetan.

Abian jarri duen programa honetan Gipuzkoako udalen parte hartzea aurreikusten du Aldundiak. Azaldutakoaren arabera, udalek banaka, elkartuta edo mankomunitateen bitartez eska dezakete laguntza. Irabazi asmorik gabeko erakundeek ere izan dezakete laguntza jasotzeko aukera, «giza eskubideak ezagutarazi, horiekiko sentsibilizazioa piztu eta elkarbizitza positiboa suspertzeko proiektuak finantzatzeko».

Bi laguntza ildoen artean Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren Zuzendaritzak 365.000 euro banatuko ditu.

Proiektuak aurkezteko epea hilaren 30ra arte egongo da zabalik, eta Aldundiak jakinarazi duenez, «diru laguntza hauek eman aurretik alor honetan diharduten adituen esperientziaren berri izateko aukera izan dute instituzio eta eragileek». Izan ere, hiru jardunaldi ospatu dituzte, horietako azkena pasa den ostegunean bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo