Etnografia eta hizkuntzalaritza ardatz hartuta abiatuko da Euskararen Jatorriaren VII. Biltzarra
Hizkuntzaren historia ahal beste ikuspuntutatik lantzeko asmoz, aurten etnografiatik abiatuz hizkuntzalaritzarako egin diren ekarpenen gaineko gogoeta proposatzen du Euskararen Jatorriaren VII. Biltzarrak.
GARA | DONOSTIA
Dimak hartuko du aurtengoan Euskararen Jatorriaren Biltzarra eta, zazpigarren edizio honetan, etnografiaren alorretik hizkuntzalaritzara egin diren ekarpenen gaineko gogoeta egitea proposatzen dute antolatzaileek. Hartara, datorren larunbatean, hilak 12, egitarau zabalarekin egingo dute topo topaketa honetan izena ematen dutenek.
Goizean goiz, 09.30etan, Felix Zubiagaren «Euskal etnografia eta euskara» mintzaldiak irekiko du biltzarra. Zubiagak erritoen atzean dauden izendapen eta kontzeptuak hartuko ditu hizpide eta, besteren artean, etnografiako oinarrizko elementuen esanahiaren gainean ariko da berbetan, hala nola, «Mari», «Miel Otxin», «Trikuarri», «Olentzaro»...
Baina, aurtengoan, leku berezia beteko du Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografoak. Izan ere, pasa den abenduan hogei urte bete ziren Ataungo apaizaren heriotzatik eta antolatzaileek sorpresaz hartu dute euren aburuz urteurrenari egin zaion jaramon urria: «Penagarria izan da horrelako pertsona garrantzitsu baten urteurrenean inork ere ez aipatu izana gure historiarako, hizkuntzalaritzarako eta beste hainbat alorretarako hain garrantzitsua izan den eta Joxemielen bizitza osoko lana laburtzen duen bere teoria baieztatua geratu zela orain zazpi urte: euskal populuak hemen daramatza 8.500 urte, lurralde honetan. Gainera -nabarmendu dute antolatzaileek-, berak epe hori `gutxienez' esan bazuen ere, genetikak momentuz 15.000 urtera luzatu du iraupen hori». Gauzak horrela, Barandiaranek euskararen jatorriari egindako ekarpena izango dute hizpide, eta, batez ere, «aitz» erroaren gainean esandakoak aztertuko dituzte.
Barandiaran eta Baroja nagusi
Atsedenaldiaren ostean, beste antropologo, etnologo, historialari eta hizkuntzalari handi bat ekarriko dute gogora: Julio Caro Baroja. Honek euskararen eta iberieraren arteko loturarik ezarri ezin zitekeela ondorioztatu bazuen ere, gauzak ikusteko zuen «modu irekia» nabarmenduko dute. Hala, «Sobre la lengua vasca y el vasco-iberismo» liburuan aipatu zituen senidetasun izendapenei buruzko etimologiak aurkeztu eta, Nafarroan aurkitutako «Barscunes» txanponen harira, Caro Barojaren eta Joaquin Gorrochateguiren iritzi kontrajarriak aztertuko dituzte.
Goizeko azken saioa Javier Goitiaren «Euskararen lur eta paperetako oiñatz galduak» mintzaldiak hartuko du; laster argitaratuko duen liburua aurkeztu eta, euskaratik abiatuta, gazteleraz egunero erabili ohi diren hainbat hitzen proposamen etimologikoak egingo ditu.
Bazkalostean, biltzarrean parte hartzen dutenek Dimako Jentilzubira eta Baltzolako kobetara bisitaldi didaktikoa egin, «Euskararen jatorria: enigma europar bat» dokumentala ikusi eta euskararen jatorriaren gainean dauden iritzi eta aurreiritzien gaineko mahai inguruan parte hartu ahalko dute.
Azken hitzaldia Euskal Filologiaren historian mugarri bilakatu berri den Arabako Iruñako grafitoen gainekoa izango da; Luis Silgo arkeologo eta epigrafistak Aldundiko batzordeko txosten arkeologikoan bere ustetan izan diren hutsuneak azalduko ditu.
Biltzarrari amaiera emateko, azken bi urteetan zendu diren Sarkisian, Kapanaga eta Txillardegiri omenaldia egingo zaie, euskararen jatorriari eta Iruñako grafitoei egindako ekarpenengatik.
Data: Maiatzak 12, larunbata.
Lekua: Dimako Elizalde aretoa.
Izen-ematea eta informazioa: euskararenjatorria@gmail.com
Salneurria: 45 euro (bazkaria barne). Ikasle eta langabeak: 30 euro.