GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek onenekin jokatzen jarraitu ahal izango du

Zuri-urdinek bost puntu batu zituzten atzo, bigarren zati handi bat egin ostean.

p047_f02_097x105.jpg

AVIRON 31

AGEN 10

Jon LEUNDA

Ikaragarrizko deskalabruren bat gertatu ezean, Avironek Top 14an jarraituko du, atzoko eguna ikaragarria izan baitzen zuri-urdinentzat, baita, aldi berean, jokatu ez zuen Biarritzentzat ere.

Atzo Avironek irabazi beharra zuen Top 14an jarraitu nahi bazuen, eta puntu gehigarria lortzea ere komeni zitzaion, eta dena egin zuen talde lapurtarrak, bost puntuak batu baitzituen. Ezustea, ordea, Brivek eman zuen, etxean galdu baitzuen Bordelen aurka, eta oraindik aukera apurren bat izan baldin badezake ere, maila ia-ia galduta dauka. Aldi berean, eta azken jardunaldiari begira egon beharrik gabe, Biarritzek ere matematikoki lortu du mailari eustea, nahiz eta herenegun gauean galdu egin zuen.

Atzoko partidaren gakoa bigarren zatian egon zen. Lehenengoan etxeko taldea oso urduri zelairatu zen, eta kanpotarrak aurretik ibili ziren. Atsedenaldian, nerbioak nabari ziren harmailetan, etxekoak ez baitziren batere ongi ari. Aldagelatik atera eta bigarren zatia hastean, dena aldatu zen. Lapurdiko taldea indar handiarekin zelairatu zen, eta hogei minututan hiru entsegu lortu zituen. Ondoren, gainera, Potgieterrek hirurak gauzatu zituen.

Ageneko jokalariak erabat ezinean aritu ziren. Ikaragarrizko haize bolada bat aurrean balute bezala aritu ziren bigarren zati osoan, baionarrak geratzea guztiz ezinezkoa gertatu baitzitzaien. Behin lau entsegu lortu eta erasoko puntua segurtatu zutenean, erritmoa apur bat jaitsi zuten euskaldunek; nahikoa zuten emaitzari eustearekin. Brivetik zetozen berriak ere onak ziren bi taldeentzat; izan ere, galdu arren, Agenek ere matematikoki eusten zion mailari. Amaieran sekulako poza bai zelaian bai harmailetan ere, eta, hala, orain hiru aste inork gutxik uste baldin bazuen ere, Avironek datorren urtean Top 14an jarraituko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo