alpinismoa | Bide berria
Alaskan, denboraldia martxan da
John Frieh eta Doug Shepherd estatubatuarrek Dickey mendian igo gabe zegoen ipar-ekialdeko aurpegian marra berria zabaldu dute.
Andoni ARABAOLAZA
Alaskako negu gordinak udaberriari lekukoa pasa dio, eta, hein handi batean, esan daiteke denboraldi berrian mugimendua badela. Pasa den neguan jardueraren bat edo beste egon zen, baina, oro har, hango mendiak ukitu gabe egon dira. Denalin, adibidez, bakarkako saio bat egon zen, baina ahalegina ezerezean geratu zen.
Udaberriaren hasierarekin batera, badirudi mendi haietan dauden baldintzak askoz ere samurragoak direla, eta, dagoeneko, hainbat taldek eskalada bikainak egiteko aukera izan dute. Momentuz ez dugu jarduera askoren berri jaso. Horietako pare bat espedizio frantses batek sinatu ditu. Hemeretzi eguneko espedizioan Bear Tooth eta Moose´s Tooth mendietan bide bana zabaldu dute. Horren inguruko informazio zabala eskainiko dugu, baina gaurkoan beste protagonista batzuk ditugu.
John Frieh eta Doug Shepherd estatubatuarrei buruz ari gatzaizkizue. Izan ere, nolabait esatearren, sokada horrek Alaskako denboraldi berriaren ateak zabaldu ditu. Bai, alpinista hauek lehen protagonistak dira, besteak beste, Dickey mendian oso jarduera interesgarria egin dutelako.
Inguru hartako mendi eta pareta ezberdinak ondo baino hobeto aztertu ondoren, alpinistok Great Gorge del Ruth glaziarretik altxatzen den Dickey mendian igo gabe zegoen aurpegi bat aukeratu zuten. Eta emaitza bikaina izan da, ipar-ekialdean marra berria zabaldu dutelako: «No such things as a bargain promise» (VI, A0, WI5, M6, 1.500 m).
Estatubatuarrek adierazi dutenez, ingurumari horrek eskalatzeko aukera zabala eskaintzen du: «Glaziar horrek hogei menditik gora ditu bere baitan. 1.500 metroko paretak dituzte, eta guztiak glaziarretik bertatik altxatzen dira. Mendi horrek munduan ez du sona handirik, baina oso eskalada interesgarriak egin dira. Besteak beste, Sean Easton eta Ueli Steckek bide ikusgarria zabaldu zuten duela hamar urte: `Blood from the stone' (1.500 m, M7+, AI6+, 90º)».
Frieh, adibidez, Alaskako mendietan espezialista da, eta, jakin badaki, mendi horiek igotzeko azkartasuna ia erabakigarria dela.
Guztira 37 ordu
Apirilaren lehenarekin, Frieh eta Shepherd paretan sartu ziren. Lehen buruhausteak lehen metroetan bertan izan zituzten. Helburu nagusia ageriko tximinia batera heltzea zen, eta hara iristeko eroria zuten tarte batzuk gainditu behar izan zituzten. Izotz fina, elurrezko onddo handiak... Horrek guztiak, jakina, erritmoa mantsotu zuen, baina, hala ere, egun horretan 900 metroko desnibela igotzea lortu zuten.
Bibaka egin ondoren, aipatutako tximiniara abiatu ziren. Baina ohartu ziren ez zela batere segurua. Hori dela eta, bi alpinistok beste irtenbide bat hartu zuten: «Isurialde hori banatzen duen kanal sistema batera rapelatzea erabaki genuen. Duela lau urte frantziarrek zabaldu zuten bidea gurutzatu genuen, eta, ondoren, goi aldean zintzilik zegoen serac erraldoi batera joan ginen. Serac hori alde batera utzi, eta alboko kanal batzuetatik gailurrera iritsi ginen».
Arratsaldeko zortziak ziren tontorra jo zutenean. Guztira, 37 orduko jarduera behar izan zuten Dickey mendian igo gabe zegoen ipar-ekialdeko paretan bide berria zabaltzeko.
Estatubatuarrekigo gabe zegoen ipar-ekialdeko aurpegia aukera zuten 1.500 metroko marra berria zabaltzeko.
Sokadak 37 ordu behar izan zituen jarduera amaitu ahal izateko. Nahiz eta baldintza egokirik ez izan, lehen egunean 900 metro eskalatu zituzten.