Mendiko eskia | Lehia
Nesketan zein mutiletan, katalanak nagusitu dira Suitzako proba mitikoan
Laetitia Roux, Severine Pont eta Mireia Mirok osatutako taldeak irabazi du emakumezkoen Patrouille des Glaciers lasterketa. Gizonen artean, berriz, Willian Bon Mardion, Matheo Jacquenot eta Kilian Jornetek osatutako hirukotea gailendu da.
Andoni ARABAOLAZA
Mendiko eskiko lehia nagusiei dagokienez, baiezta genezake denboraldia amaitu egin dela. Eta amaiera, Suitzako proba mitiko batek eman dio: Patrouille des Glaciers ospetsuak. Apirilaren azken igandean, 29an, jokatu zen. Sona handiko lehia honek bi urtean behin du hitzordua, eta, beste behin, arrakasta handia izan du. 5.000 lagunek hartu zuten parte, hori bai, hiru eskiatzailek osatutako taldeetan.
Eskiatzaileek 53 kilometroko ibilbidea eta 4.000 metroko goranzko desnibelari egin behar zioten aurre, baina, ibilbidearen baldintzak ikusita, antolatzaileek lasterketa moztea erabaki zuten. Oro har, lehia egun horretan bero handia eta 90 kilometro orduko haizeak izan zituzten. Pare bat elurrolde izan ziren, baina inor harrapatu gabe. Azkenean, 27 kilometro eta 1.900 metroko goranzko desnibela egin ondoren, antolatzaileek proba amaitutzat eman zuten: «Elur-jausien arriskua handia zen oso, eta, adibidez, amaiera aldera pare bat izan ziren. Horren ondorioz, eskiatzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko, lasterketa moztea erabaki genuen».
Lehiaren nondik norakoari dagokionez, aipatu behar da, inolako zalantzarik gabe, bi katalan izan zirela protagonista. Nesketan, Mireia Miro; eta, mutiletan, Kilian Jornet. Izan ere, biek ala biek garaipena erdietsi zuten; jakina, beraien bi lehiakideekin batera. Garaipen horiei esker, gainera, Miro zein Jornet Patrouille des Glaciers lasterketaren historian sartu dira.
Bi alditan izan ezik, lasterketa suitzarrek irabazi dute beti. Bada, azken edizio honetan bi katalan izan dira irabazle. Eta, horiez gain, Laetitia Roux; hots; Miroren taldekidea.
Lehia gogorra
Goizeko hiruretarako 5.000 eskiatzaile prest ziren irteera puntuan. Ibilbide gogorra zuten aurretik, baina, aurreratu dugunez, azkenean moztu egin behar izan zuten.
Nesken mailan, irabazleek nagusitasun handia erakutsi zuten. Roux, Miro eta Severine Pont ondo baino hobeto moldatu ziren, eta lasterketa moztu zutenean lehenak ziren 3 ordu eta 32 minutuko denborarekin. Bigarrenei, Nathalie Etzensperger, Marie Troillet eta Emilie Gex-Fabry, 23 minutuko aldea atera zieten.
Bestalde, mutiletan, lehia askoz ere estuagoa izan zen. Matheo Jacquenot, Willian Bon Mardion eta Jornetek osatutako taldeak 2 ordua eta 54 minutuko denborarekin irabazi zuen. Talde horren atzetik, soilik minutu eta erdira, Martin Anthamatten, Florent Troillet eta Yannick Ecoeurrek osatutakoa sailkatu zen.
Jornet katalanari dagokionez, aipatu behar da mendiko eskiko «Hiru Handiak» irabazi dituela: Munduko Kopa, Mezzalama eta Patrouille des Glaciers. Hori, soilik, beste hiru eskiatzailek lortu dute. «Patrouille irabaztea handia izan da. Denboraldia abenduan hasi nuen, eta azken hau nire 30. lasterketa izan da», azaldu du Jornetek.
Ibilbidearen baldintza arriskutsuak ikusita, antolatzaileek lasterketa moztea erabaki zuten. Irabazleen artean, bi katalan izan dira protagonista: Mireia Miro eta Kilian Jornet.
Ibilbidea 53 kilometrokoa zen eta 4.000 metroko desnibela gainditu behar zuten kirolariek. Azkenean, 27 kilometrora moztu zuten, 1.900 metroko desnibelarekin.