GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Santa Cruz: munduko surf erreserba izendatu dute Kaliforniako kostalde ezaguna

Aurrerantzean zaintza berezia jasoko dute Kaliforniako Santa Cruz kostalde historikoko urautsietako olatu bikainek.

p052_f01.jpg

p052_f02.jpg

p052_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Kaliforniak garrantzi handia izan du surf modernoaren historian, bertan eman baitira kirol honen bilakaeran eragin handia izan duten zenbait urrats. Leku ezagun asko aurki daitezke bertan, baina bada bat surfaren historiaz mintzo garenean ahantz ezin dezakeguna: Santa Cruzeko kostaldea.

Ur hotzetako txapelketa garrantzitsuenak hartzeaz gain, lehen ur jantziak ere bertan egin zituzten, eta, gainera, kalitate oso oneko olatuak dituen kostaldea da. Surflari ezagun asko bizi dira bertan, olatu handietan adituak nahiz maila handiko lehiakideak.

Orain, Worls Surfing Reserve erakundeak Santa Cruzeko kostaldea munduko surf erreserba gisa onartu du. Horrek esan nahi du bertako olatuak, ingurumena eta uraren kalitate ona bermatzeko bitartekoak jarriko dituztela eragile desberdinek.

2009. urtean International Surfing Association (ISA), Save The Waves Coalition eta Australiako Surf Erreserba Nazionalen Erakundea elkartu egin ziren, denen artean erakunde bakar eta indartsu bat osatzeko. Horrela sortu zen World Surfing Reserve (WSR) antolakundea.

Askotan olatu onak dauden lekuetan arazoak izaten dira. Batzuetan etxeak edo eraikin handiak egiteko olatuak dauden inguruneak suntsitzen dira, beste kasu batzuetan kutsadura edo ingurumen arazoek olatuen biziraupena mehatxatzen dute, eta halakoetan egoerari aurre egiteko bitarteko gutxi izaten dituzte tokiko taldeek.

Kasu gehienetan surflari eta ekologista gutxi batzuk osatzen dituzte olatuak eta hauen ingurunea babesteko taldeak eta gehienetan ia bitartekorik gabe egiten dute lan.

Mundu mailako erakunde bat sortzeak komunitate txikietan laguntzerako orduan sekulako babesa eskain zezakeelako sortu zuten WSR edo Munduko Surf Erreserben Erakundea.

WSR erakundeak mundu mailan elkar eragiten duten talde txikiz osatutako sare moduko bat sortzea lortu du. Eta bi dira erakunde honek dituen helburuak; batetik, surf egiteko onak diren lekuek dituzten berezitasunen balio handiaz ohartaraztea, eta, bestetik, tokiko antolakunde txikiei haien lekuen defentsan bitarteko egokiak eskaintzea.

Urautsia eta honek duen ingurunea babesteak dituen onurak aditzera emateko heziketa lana egin behar dela ohartarazten du erakunde honek eta lan egiten duen lekuetan, urautsia babestearekin batera, ingurumenean, lekuko kulturan, ekonomian eta komunitatean modu positiboan eragiten duela frogatzen du.

Baina, mundua handia da eta arriskuan izan daitezkeen urautsiak asko dira. Beraz, zenbait irizpide bete behar ditu erakunde honen laguntza jaso eta munduko surf erreserba izan nahi duen inguruneak.

2011ko otsailean finkatu zituen irizpideak erakundeak eta ordutik irizpideon arabera erabakitzen dute zein lekutan indar egin dezaketen edo zein leku izendatu erreserba gisa.

Hona hemen Santa Cruzeko kostaldeak surf erreserba gisa onartua izateko bete dituen irizpideak:

-Olatu edo urautsien kalitatea. Inguruan den urautsi kopurua (23 urautsi baino gehiago).

-Santa Cruzeko kostaldeak munduko ingurune eta ekosistema aberatsenetako bat eskaintzen du eta berezko ezaugarri bakanak ditu.

-Kultura eta historia. AEBetan surfaren historian itzal izugarria duen lurraldea da Santa Cruz. Gainera, egun mundu osoan erabiltzen den ur jantzia ere bertan asmatu eta zabaldu zuten. Ordutik, ur hotzetako jendeak surf egiteko aukera izan du. Beraz, surfaren zabalkundean izan duen eragina goraipatzen da.

-Komunitatea. Surfak herrian eta herritarrengan duen eragina handia da. Politikariek badakite hori, eta kontuan hartzen dute surf komunitatea, pisu handiko komunitatea baita.

Politikarien artean ere badira surflariak, Santa Cruzeko lehendakariordea kasu. Hilary Bryant harro dago inguruan dituzten urautsi eta olatuez: «Ingurune bedeinkatua dugu gurea. Beraz, parkeak bezain garrantzitsuak dira olatuak guretzat».

Leku edo urautsi bat munduko surf erreserba izendatzeko zenbait urrats eman behar dira, betiere aipatu irizpideen arabera. Alegia, olatuen kalitatea, ingurumena, osagai kulturala eta komunitatearen babesa.

Lehenik leku bateko talde batek proiektua aurkeztu behar dio erakundeari. Surf erreserba izateko zergatia eta informazioa igorri behar zaizkio WSR erakundeari.

Iristen diren proposamenak aztertzeko talde finko bat dago eta irizpideak bete daitezkeela erabakitzen badu, proposamena bigarren fase batean sartzen da eta WSRko kideak tokiko talde eta eragileekin harremanetan jartzen dira, zer egin daitekeen edo proiektua bideragarria den aztertzeko asmoarekin.

Irizpideak betetzen direla erabakitzen bada, tokiko talde eta eragileekin proiektua bideragarria dela ikusten bada eta maila instituzionalean ere zerbait egin daitekeela ikusten bada, proiektua onartu egiten da.

Behin proiektua onartuta eta tokiko eragile sozial, politiko eta instituzionalekin gauzapena adostuta, lekua munduko surf erreserba izendatzen da.

Eta, azkenik, bada beste egin behar bat: munduko surf erreserba moduan izendatutako lekuetan hitzartutako gauzak betetzen diren egiaztatzeko zaintza eta jarraipen iraunkorra egingo duen taldea osatzea.

WSR erakundeak erreserba gisa izendatu du Santa Cruzeko kostaldea, eta martxan jarri duen lehen proiektua da, baina badira erreserba izateko onartu dituzten beste hiru leku ere: Manly Beach (Australia), Ericeira (Portugal) eta Malibu (Kalifornia hegoaldea, AEB).

Aurtengoa urte berezia izango da Santa Cruzeko kostaldean, izan ere, batetik surf erreserba izendapena lortu dute, eta, bestetik, aspaldiko partez lehen mailako surf txapelketa egingo dute bertan. Gainera, O'Neill marka antolatzailearen 60. urteurrenarekin bat egingo du txapelketak.

Santa Cruzeko txapelketa garrantzi handiko txapelketa izan da goi mailako surfaren historian. Azken urteotan Prime kategoriako txapelketak egin dira, baina aurrez munduko txapelketa garrantzitsuenetakoak eginak dira bertan.

Surfak bere historian izan duen gorakada handiena Kalifornian eman zen, 50eko hamarkadan, eta gorakada itzel horren ostean mundu guztira zabaltzen hasi zen.

Surfak izan zuen boom itzelezkoa funtsezko hiru osagairi esker eman zen. Izan ere, hiru izan ziren surfa gutxi batzuen arteko kirola izatetik masa kirol izatera iragateko eragile nagusiak: lehena, taula txiki eta arinagoak egitea; bigarrena, Hollywooden egin zituzten zenbait filmek izandako arrakasta; eta, hirugarrena, neoprenoek urte osoan zehar surf egiteko aukera eman izana.

Santa Cruzeko kostaldea, beraz, surf modernoaren bilakaeran eragile zuzena izan da inolako dudarik gabe. Gauza askotan aitzindari papera jokatu du eta orain ere berritzaile gisa albiste bilakatu da surf erreserba bilakatuta.

MUNDU MAILAKoa

Mundu mailako erakunde bat sortzeak komunitate txikietan laguntzerako orduan sekulako babesa eskain zezakeelako sortu zuten Munduko Surf Erreserben Erakundea.

BETEBEHARRAK

Mundua handia da eta arriskuan izan daitezkeen urautsiak asko dira. Beraz, zenbait irizpide bete behar ditu Munduko Surf Erreserben Erakundearen laguntza jaso nahi duenak.

onartutako lekuak

Santa Cruzekoa onartu eta martxan jarri duten lehen proiektua da, baina badira surf erreserba izateko onartu dituzten beste hiru leku ere: Manly Beach (Australia), Ericeira (Portugal) eta Malibu (Kalifornia, AEB).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo