GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

«Ez, ez dugu sinisten»

 

Santa Cruz munduko surf erreserba izendatu dutela eta, historia liburuetan lerroren bat irabazi du eskualde honek. Santa Cruz eta surfa aspaldi ezkondu ziren eta jada ziurtatuta dute bateko eta besteko liburuetan aipatuko dituztela. Izan ere, halako gertakizunak eta izaera ofiziala duten ekimenak dira oihartzuna dutenak eta etorkizunerako izkiribatuta geratzen direnak.

Inon aipatzen ez diren gertakariek ez dute itzalik, ez dira, soilik ezagutu dituenak konta ditzake, bizi bada eta norbaitek entzun nahi badio. Baina aditzera ematen ez badira, iragan gisa, etorkizunean ez da haien aztarnarik izango, ez dira existitzen. Eskoletan, historia modu linealean irakasten da, agian beste modu batean ikasteko eta irakasteko gai ez garelako, eta betiere, historia, askoz ere konplexuago den zerbait dela ohartarazi gabe. Batean edo bestean egiten du indar pentsalari bakoitzak. Historia modu linealean ematen dela ukatzen dutenak ere badira, baina horiek ere, ezinbestean, modu linealean aurkezten dute euren tesia.

Edward Hallet Carr pentsalariak, historiak duen osagai subjektiboa azpimarratzen zuen, kontalariaren subjektibotasun ezabaezinaz ohartaraziz: «Egintzek beren kabuz hitz egiten dutela esan ohi da. Noski, hori gezurra da. Egintzek hitz egiten dute, baldin eta historiagileak aipatzen baditu. Berak erabakitzen du zein egintza aipatu, zein ordenetan eta zein testuingurutan». Beraz, historia, historiagilearen araberakoa izango da, eta izan dezakeen «fede ona» zalantzan jarri gabe, inoiz lehen pertsonan ezer konta dezakeenaren kontakizuna errefusatu egiten da, lehen pertsonan izateagatik subjektiboegia delako. Kontakizuna orotara kutsatua datorrelako, alegia.

Historiagileak, bildutako datuekin ahalik eta kontakizun objektiboena egiten saiatzen direla pentsa daiteke. Horretarako, kontalariak aztergai duen momentu historikoarekin gutxieneko distantzia bat izatea osagai baliotsutzat hartzen da. Izan ere, modu horretan historiagileak modu inpartzialean jokatuko duen pentsamendua oso zabalduta dago. Horrela, historiagilea ez da susmagarria. Kasurik onenean, kontalariak, soilik bildu ahal izan dituen datuetan oinarri hartutako kontakizun bat plazaratuko du. Arrotza zaion gai bat jorratzen du eta inon ageri ez diren datuak bildu ezean, historia «ofiziala» baino ez du argitaratuko.

Santa Cruzeko surfaren historiak ere badu aipatzen ez den beste aurpegi bat. Azken hilabeteetan bertako surf komunitatean ezagun diren pertsona erreferentzialak albiste izan dira, eta ez hain zuzen ere ingurunea, olatuak edo kirolarekin lotutako egintzak medio, anfetamina salmenta eta droga arazoengatik baizik. Anthony Ruffo Santa Cruzeko semea, Maverickseko surflari ezaguna eta pertsonaia famatua da. 80ko eta 90eko hamarkadetan txapelketetan emaitza onak bildu zituen. 1985ean O'neill Cold Water Clasic txapelketa irabazi zuen. Hegoafrika eta Hawaiin olatu erraldoiak hartzen egin zen famatua. Surflari profesionala ere izan zen. Azken urteotan, ordea, bestelako albisteak izan dira berarengandik etorri zaizkigunak. 2005ean kalean anfetamina saltzen atzeman zuen poliziak eta atxilotu egin zuten. 2010ean bere etxean sartu zen polizia eta saltzeko prest zeukan anfetamina atzeman zuen. Eta 2012ko otsailean bi urteko kartzela zigorra jaso zuen. Salbuespen bat izan zitekeen, baina ez da horrela.

Rufforen bidaia laguna zen Darryl Flea Virostko ere anfetaminazalea zen. Fleak hiru bider irabazi du Maverickseko txapelketa, eta bertan lehen aldiz surf egitera sartu zen egunean anfetamina hartuta sartu zela kontatu ohi du. 2004an Waimeako olatu erraldoi batean izan zuen erorketa «hamarkadako erorketa» gisa bataiatu zuten «Surfer» aldizkarian. Egun surflari honek anfetamina utzi du eta Santa Cruzeko surf komunitatean drogak duen eraginaz eta zabalkunde asaldagarriaz ohartarazten du. Gurean ere, 80ko hamarkadako historia kontatzean drogek izan zuten gorakada aipatuko du norbaitek, baina ez da datu zehatzik, beraz, ez dago tamainako sarraskia irudikatzeko bitartekorik. Belaunaldi berriek, gertatutakoa haien begiekin ikusi ez zutenek, ez dute benetan gertatu zenaren ideia egiteko aukerarik izango.

80ko hamarkadan egintza asko izan zen gurean ere, baina Santa Cruzen bezala, komeni diren gertakariak bakarrik izango dira «historia». Agian historia bera baino, berau nola interpretatu ikasi beharko genuke. Irakatsi beharko ligukete. Nik, existitu ez diren arren, ez ditut ahanzten nire auzoan gora eta behera ibiltzen ziren gazte argal eta azal zuri haiek. Zeren historiak nahi duena esango du, historialariek ez dituzte aipatu ere egingo, baina haiek denak, ez ziren hiesak jota edo gaindosi baten ondorioz hil. Haiek denak hil egin zituzten, nahiz eta historia liburuetan haien izenik ez den ageri. Beraz, ezagutu ditugun pasarteak nola kontatzen diren ikusita, nork idatzi dituen jakinda, zergatik sinetsi behar dugu kontatu diguten guztia?

Itoiz taldeak hala zioen, «Espaloian»: «Zai gaude, gu, gu kalean zehar, erropa ilunak, aurpegi zuriak... eta ez, ez dugu sinisten, ez dugu sinisten...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo