«Lip dub» formatua ere iritsi da Donostia 2016ko zurrunbilora
Oraindik ere lan mardula dute aurretik Donostia 2016ko kanpainan buru-belarri sartuta daudenek, baina, lana gustukoa denean gertatzen den legez, atzokoan hainbat algara eta pozjario batu ziren Igeldoko jolas-parkean. Bertan filmatu zuten Olatu Talkan aurkeztuko duten «lip dub»-a.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Denboran atzera egin eta Igeldoko jolas-parkea 60ko hamarkadara itzuli zen atzokoan. Koloretako puxikak, ile-gogortzailez zipriztindutako orrazkerak, belaunetarainoko galtzerdiak, gona laburrak eta xingolaz apaindutako mototsak izan ziren jaun eta jabe, guztia Donostia 2016ko kultur hiriburu izateko hautagaitzaren bulegoak antolatutako lip dub-aren aitzakiapean. Izan ere, hilaren 11n, 12an eta 13an Olatu Talka energia sozialaren eta kulturaren jaialdia izango da Gipuzkoako hiriburuan -eta, aurreratu dutenez, beste zenbait hiritara ere hedatuko dira jarduerak- eta, horren barnean, iaz «Oihua hor dago oraindik» happening-ak izandako arrakasta ikusita, azkenaldian punta-puntako bilakatu den lip dub bideo-formatua erabiltzearen aldeko hautua egin dute.
Jakina denez, lip dub-a abesti bat hautatu eta ezpainak, keinuak eta mugimenduak berarekin sinkronizatzen dituen bideo-formatua da, eta, normalean, talde zabal bat behar izaten da halakoak filmatzeko. Hori bai, antolatzaileek azaldu zutenez, jendea lortzeko arazorik ez dute izan behintzat Donostian, hiriko konpartsek hasiera-hasieratik agertu baitzuten euren prestutasuna; hala, hamalau konpartsetako 500 kide inguruk hartu dute parte ekimenean.
Behin Igeldo mendiko jolas-parkera igota, hiru entsegu egin eta laugarrenean egin zuten filmaketa nagusia. Emaitza, Mariaje Torres Donostia Kulturako kidearen eta Itsaso Izagirre lip dub-aren zuzendariaren hitzetan, primerakoa izango da.
Emaitza bikaina espero dute
Torresek esker oneko hitzak besterik ez zituen Monte Igeldo enpresarentzat, jolas-parkeko langileentzat zein parte hartzaileentzat: «Beren denbora, lekua... dena utzi digute hau egin ahal izateko. Eta inauterietako konpartsei ere eskertu nahi diegu beti hor egon izana, honetarako zein beste edozein ekimenetarako beti prest agertu izan baitira».
Pozarren azaldu zen Torres, «bi hilabete eta erdi soilik» behar izan dituztelako lip dub-a antolatzeko, eta, jolas-parkean egindako zazpi entseguen ostean, emaitza «ikusgarria» espero dutela azpimarratu zuen. «Entsegu baten grabaketa ikusita nuen baina, gaur, atrezzoa-rekin, jantziekin, garaiko autoarekin... ikusgarria izan da», esan zuen.
Zuzendariaren gainean ere plazaratu zuen iritzirik Torresek, hura izan baita «gure ideologoa, sortzailea, bera gabe ez genukeen ezer egingo». Eta Itsaso Izagirre zuzendaria ere pozarren, «lip dub batek arrakasta izateko hiru baldintzak» betetzen dituelako atzo filmatu zutenak: «Batetik, abestia: Ze Esatek! talde gipuzkoarrari euren abesti baten letra aldatzeko eskatu genion, ekintza honetarako aproposagoa izan zedin. Indar handia du abestiak, ganberro xamarra da, aproposa. Bestetik, lekua: Igeldoko jolas-parkeak aukera mordoa eskaintzen dizkigu, Donostia ikusteaz gainera ibilbidean atrakzioek joko handia ematen dutelako. Azkenik, parte hartzaileak: jarri duten gogoa eta izan duten diziplina osoa lagungarria izan da, eskertzekoa benetan».
Azken emaitza ikusi gabe bazuen ere, balorazio «oso ona» egin eta lip dub-a primeran geratuko dela ziurtatu zuen.
Bideoa, esan bezala, Olatu Talka jaialdiaren baitan aurkeztuko dute, datorren larunbatean, hilak 12an, 20.00etan. Udaletxearen eta Alderdi Ederren arteko txokoren batean egingo dute.
«Lip dub» batek arrakasta izateko elementu nagusietakoa abestia bera bizia izatea dela aintzat hartuta, Ze Esatek! taldeari eskatu zioten euren abesti bat molda zezala. Taldeak pozarren hartu zuen eskaria.
Lip dub-aren filmaketarekin gustura, Itsaso Izagirre zuzendariak bideoaren aurkezpena datorren larunbatean, hilak 12, egingo dela aurreratu zuen. Antolatzaileek Olatu Talkako ekimen «potenteenetakoa» gisa deskribatu zuten lip dub-aren aurkezpena eta horrekin batera egingo den 60ko hamarkadako festa. Bertan izango dira filmaketan parte hartu duten haur eta gaztetxoak, eta, Donostia Kulturako Festak unitatearen arduradun Mariaje Torresek eskatu zien bezala, soinean bideorako erabilitako 60ko hamarkadako jantziak eramango dituztela agindu zuten gehienek. Horren gainean, izan zuen zer kontaturik Torresek: «60ko hamarkada aipatu genienean, Elvis, rock-and-rolla eta `Grease' filma bururatu zitzaizkien... Irudika dezakezu zelan azaldu ziren lehen entsegura!», agertu zuen, barrez. Behin nahi zutena zehaztuta, ordea, «agian euren aiton-amonen armairuan begiratu ostean», ideia ulertu eta jantzien ardura parte hartzaileek beraiek izan dutela nabarmendu zuen Torresek.
Esan bezala, Olatu Talka jaialdia hilak 11tik 13ra bitartean izango da. Informazio gehiagorako: www.olatutalka.eu. A. A.