Atzoko eta gaurko borroka gogoan, ehunka lagun bildu ditu Bizkargi Egunak
Bizkargi Egunak ehunka lagun hartu zituen atzo euskal erresistentziaren ikur den tontorrean. Ohiko jai giroan, bildutakoek duela 75 urte Bizkargin faxisten kontra jauzitako gudariak izan zituzten gogoan. Egungo garai berrian aurrera egiteko mobilizazioaren beharra ere aipatu zuten.
GARA |
Zaparradaren bat gorabehera, eguraldia alde izan zuten atzo Bizkargi mendiaren tontorrean, eta, hala, ehunka izan ziren, tradizioari hutsik egin gabe, 565 metroko altuera duen gainera hurbildu zirenak. Duela 75 urte tropa frankisten kontra «sekulako adoreagaz» gau eta egun Bizkargiren defentsan aritu ziren gudariak gogoan, etenik izan ez duen Euskal Herriaren eskubideen aldeko borrokak jarraitzen duela nabarmendu zuten.
Jai giroko aldarrikapenak aurreko egunetik hartu zuen Larrabetzu, Muxika, Morga eta Zornotza udalerriak goialdetik begiztatzen dituen gaina. Gazteriak antolatuta, zapatu arratsaldetik izan ziren ekitaldiak. Bertsolariak eta afaria prestatuak zituzten, besteak beste, bezperarako. Atzo goiztiar ibili ziren zenbait mendizale. Eguerdi partean, Txiplas eta Etxaun Lekue bertsolariak aritu ziren bertaratutakoen aurrean, eta hitzaldi labur bat ere izan zen duela 75 urte Bizkargin bertan izandako gertaerak gogoratuz.
Goizean mendian izandako ekitaldian zein arratsaldean Larrabetzun izan zen manifestazioan, «tropa frankisten kontra eta Euskal Herriaren alde borrokan ibilitako gudariek» emandakoa nabarmendu zuten. «Bataila itzelak izan ziren bertakoak, eta gure erresistentziaren ikur bilakatu da gerora Bizkargiko tontorra, Jagi Jagiko bi batailoien eskutik [Zergatik ez eta Lenago hil] bertan borrokatu ziren gudariak gogoan», adierazi zuten.
Memoriak zein borrokak etenik ez dutela izan nabarmendu zuten Larrabetzutik, mendira begira, eta Bizkargi borroka goraipatzeko gunea izateaz gain, elkartasun txokoa eta belaunaldi berriek eta zaharrek bat egiteko gunea ere badela adierazi zuten.
Euskal preso politikoak ere gogoan izan zituzten arratsaldeko mobilizazioan. «Sakabanaketarekin eta euskal preso politikoek bizi duten egoera kriminalarekin amaitzeko lanean jarraitu behar dugu. Izan ere, ez digute ezer oparituko», nabarmendu zuten, bereziki Josu, Josemi, Endika eta euren senitartekoak gogoan.
«Milurteko herri hau inoiz baino biziago dago, eta aurrera goaz, laster askatasuna ospatu ahal izateko», adierazi zuten.
Arratsaldean, ohiko manifestazioa egin zen Larrabetzuko herrigunean barna «Askatasuna, bakea... Autodeterminazioa» lelopean, eta ondoren erromeria izan zen.