GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako bertsogintzaren osasun ona bermatuta dago

Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Eguna arrakasta handiz ospatu zen atzo Zumaian. Gipuzkoako bertso eskolen arteko harremanak sendotzea zen egunaren helburu nagusia, baina 300 haur inguru elkartu zirela baliatuta Zumaiako kaleetan zehar «lip dub» bat ere filmatu zuten.

p056_f01_149x105.jpg

GARA | ZUMAIA

Gipuzkoako Bertso Eskolen VIII. Eguna ospatu zuten atzo Zumaian herrialde osotik iritsitako 300 haur inguruk. Goizeko hamarretarako Eusebio Gurrutxaga plazan kolore gorria zen nagusi, gorria baitzen aurten jairako aukeratutako kamisetaren kolorea, olagarro baten irudi eta guzti. Lehen unetik giro ederrean ospatu zuten bertso eskolen aurtengo eguna. Lip dub bat filmatzea izan zuten eguneko lehen egitekoa. Taldetan banatu ziren haurrak Zumaiako kaleetan barna, eta aldez aurretik propio prestatutako abesti bat dantzatzeari ekin zioten. Talde bakoitzak, gainera, bere koreografia propioa zuen prestatuta.

Bapo bazkaldu ondoren, Jon Urbieta DJak dantzan jarri zituen neska-mutilak. Arratsaldeko lauretan Maria eta Jose ikastetxean batu ziren Josu Goikoetxeak gidatutako bertso trama entzuteko. Maialen Lujanbio, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Sarriegi aritu ziren bertsotan, eta ederki asmatu zuten gaztetxoengana iristen. Saio bizi eta umoretsua izan zen.

Edurne Soraluze Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko transmisio eragilearen hitzetan, eskertzekoa da hainbeste lagun elkartu izana Zumaian. Begirale lanetan aritu ziren bertso eskoletako irakasle zein arduradunak ere izan zituen gogoan: «Haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke egun hau ospatu ahal izatea». Bide beretik, Zumaiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Zumaiako Bertso Eskola goraipatu zituen eguna antolatzeko emandako laguntzarengandik. Zumaiako herritarrek erakutsitako jarrera ezin hobea ere ez zuen ahaztu: «Egin ditugun jolas eta ekintza guztietan laguntzeko borondatea erakutsi dute». Beldur baziren ere, azkenean eguraldi ederra izan zuten, eta horrek ere asko lagundu zuen prestatutako egitaraua bete ahal izateko.

Gipuzkoan, bertsoa ahoz aho

Atzo Zumaian elkartu ziren neska-mutikoetatik asko, Gipuzkoan hezkuntza arautuan indarrean den «Gu ere bertsotan» proiektu arrakastatsuaren eskutik iritsi dira bertsolaritzaren mundura. Pozik daude egiten ari diren bidearekin. «Hezkuntza arautuan 11 irakasle ari dira ahozkotasuna eta bertsolaritza bultzatzeko lanean, beste mordo bat ari dira Gipuzkoako bertso eskoletan... Gaurko eguna ahalegin horren ondorio da». Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat garrantzi handiko eremu estrategikoa da transmisioa, horregatik, aurrerantzean ere bide berean lanean jarduteko borondatea eta konpromisoa agertu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo