GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Jagoleen estrategia

Harrigarria da zenbat gustatzen zaigun pertsonoi besteei zer egin behar duten esatea; unean-unean egin behar dutena baino, nola pentsatu, nola sentitu eta nola jokatu, oro har, bizitzan, pertsona garbia eta zintzoa izateko. Txundigarria da, bizimodu garbi eta eredugarrien izenean, batzuek hartzen duten gordetegi sindromea, bide zuzen bakarraren gordailu eta jagolearena, bidea sasiz garbitzeko funtzioaren betearazlearena.

Litekeena da haurtzaro eta gaztaroan gurasoengandik, hezitzaileengandik eta ondoan izandako helduengandik jasandako agindu eta ezarpen guztien ondorio izatea, alegia, heldu bilakatutakoan haien guztien «mendeku» hartzeko modua izatea. Izan ere, zenbat eta haurtzaro hertsi eta itxiagoa igaro, orduan eta jagole eta mandatari zorrotzagoa bilakatu, zirrikiturik gabea, irmo eta etengabea. Orduan eta kontrolatzaileagoa, finean. Mundu honetako agintariei erreparatu besterik ez dago hori egiaztatzeko, moralaz eta balioez dihardutenean, mende dituzten herritarrak nola bizi beharko liratekeen, jendarte bidezko eta eredugarria izateko, lau haizetara zabaltzen dutenean. Bide bakarrera eraman nahi gaituztenean. Eta hori guztia bilduz, ahalegin horren oinarri, jakina, erlijioaren eragina, erlijioaren aitzakia, idatzi santuen esanak.

Gehienok, hemen, gure egunerokoan, ez dugu sentitzen inork gidatzen duenik gure bizimodua. Aurreko belaunaldien gurutzetzat jotzen dugu modus vivendi inposatua, jendarte katoliko zorrotzaren garai grisak. Inork baino gehiago emakumeek pairatu zituztenak, inor baino gehiago emakumea izan zutenak obsesio eta jomuga. Orain, ikasketak, lana, harreman motak, janzkera, bizi-estiloa... aukeratu egin ditzakegu; orain, ez dugu irudikatzen presio erlijiosoaren ondoriozko sufrimendurik, geure buruari uko egin beharrik, gure bidea utzi eta besterena egitea. Hala ere, badakigu aukera horien guztien atzean, oraindik, ahulagoak izaten jarraitzen dugula, mugatuagoak, neurri ezberdinekin tratatuak, eta, batik bat, epaituagoak. Bideak eta bideak, aukerak eta aukerak daudelako, eta zein hautatu ez da berdin. Otzan edo borrokalari, otzan edo harro ez baita gauza bera; isolatu edo elkartuk ez baitu eragin bera. Eta hori, munduaren egungo egitura ez dadin betiko irauli nahi dutenek, oso argi dute. Bide zuzenaren jagoleek.

Mundu arabiarreko herrialde askori begiratzen diegu eta zortedunak sentitzen gara, hango emakumeekin alderatuta; munduko herrialde askori begiratuta, haietan jaio izana zer-nolakoa izango zen imajinatzen dugu, lasaituta, are askeago sentituta, eta kexatzeari uzteko arrazoiak baditugula ondorioztatuta. Ugariak dira munduko emakumeen inguruko berriak, irudiak, inposaturiko bizimoduen istorioak; handia da Mendebaldeko emakumeoi hori guztia helarazteko komunikazio lana. Eta eraginkorra da, funtzionatu egiten du, betetzen du bere helburua: hemen aske, berdin, ahaldun sentitzen gara, beraz, borroka feministaren zentzua zalantzan jartzen dugu, gutizia baino ez balitz bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo