harri-jasotzea | Gorostidi Harria Txapelketa
Aimar Irigoienek hasieran uste baino errazago bereganatu du lehiaketa
J.L.
Aimar Irigoien zen atzo Adunan jokatu zen Gorostidi Harria Txapelketa irabazteko faborito nagusia, eta errezildarrak ez zuen hutsik egin, oso erraz lortu baitzuen garaipena. Hasieran iragarrita zeuden harri-jasotzaileetatik, Ostolatzak, Galarragak eta Beliosok, arrazoi ezberdinengatik, ez zuten parte hartu.
Harri-jasotzaile bakoitzak 160 kiloko zilindro zaharra izan zuen lanerako, eta bost minutuko txanda bat. Tarte horretan Irigoienek 21 aldiz jaso zuen harria bizkar gainera, eta gainerako guztiak oso urruti geratu zitzaizkion txapeldunari.
Bigarren postuan Jokin Eizmendi sailkatu zen. Zarauztarrak ere lan handia egin zuen, guztira 14 aldiz berdindu baitzuen zilindro zaharra, eta horrek bigarren postua lortzeko balio izan zion.
Hortik atzera sekulako berdintasuna egon zen kirolarien artean. Hirugarren postuan Izeta III.a sailkatu zen 12 jasoaldi lortuta, eta horrekin podiuma osatu zuen. Laugarren postuan, berriz, Urtzi Telleria sailkatu zen 10 jasoaldirekin, eta ondorengo lau postuetan Urrutia, Urpe, Lertxundi eta Ugartemendia sailkatu ziren; laurek ere 9 jasoaldi eman zituzten. Azkena, berriz, Landarbide geratu zen 8 jasoaldirekin. Saria jasotzeko, gutxienez 3 jasoaldi eman behar ziren, eta, hala, inor ez zen geratu saririk gabe.
Bestetik, 160 kiloko harri berarekin baina esku batekin ere bazen lehiaketa bat, baina inork ez zuen parte hartu. 185 kiloko zilindro zaharra esku batekin jasotzeko ere bazegoen sariketa, baina inor ez zen ahalegindu.