Aizkora | Urrezko lehiaketa
Txapelduna kanpoan geratu da
Juanjo Lopezek ezin izan zuen atzo aurrera egin Ataunen, Mugertza II.aren eta Donato Larretxearen atzetik geratu baitzen.
Jon LEUNDA
Aurtengo Urrezko Aizkorako lehenengo ezustea eman zen atzo Ataunen, egungo txapelduna, Juanjo Lopez, txapelketatik kanpo geratu baitzen. Lezaungoarekin batera, Ugaitz Mugertza eta Donato Larretxea aritu ziren. Lehen biak sailkatzen ziren, eta nafarra azkena geratu zen.
45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin zuten lehen proba, eta berdinketa egon zen, Larretxeak eta Mugertza II.ak 34na kolpetan erdibitu baitzuten. Lopezek, berriz, 40 behar izan zituen.
Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztu behar izan zuten, eta Larretxea izan zen azkarrena, egurra 50 segundotan amaituta. Bigarren posturako berdinketa egon zen beste bien artean, hamalau segundo gehiago behar izan baitzituzten. Hirugarren lanean, 45 ontzako enborra zutik jarrita moztu behar izan zuten. Larretxea izan zen berriro ere garaile, lana minutu eta bi segundotan amaituta. Zortzi segundo gehiago behar izan zituen Lopezek, eta hamar gehiago, berriz, Ugaitz Mugertzak.
Laugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago ebaki neurtu ziren, eta berriro ere Larretxea gailendu zen. Nafarrak lana 2 minutu eta 32 segundotan amaitu zuen. Ondoren Lopez izan zen, eta honek sei segundo gehiago behar izan zituen, eta azkena, berriro ere Ugaitz Mugertza izan zen, honek zortzi segundo gehiago behar izan baitzituen. Iraupen proba bakarrik falta zen amaitzeko, eta Donato Larretxea zioan lehen postuan, bigarrenari, Mugertzari, 32 segundo kenduz, eta Lopezi 34 segundoko tartea atereaz. Amaitzeko falta zen lan luzean, ordea, inork uste zuena baino askoz ere alde handiagoak izan ziren. Aurrez aipatu bezala, azken saio horretara Larretxea alde handiarekin sartu zen lehen postuan, baina ia-ia bera izan zen lehiaketatik kanpo geratu zen aizkolaria.
Azkeneko proban, lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen bakoitzak, eta Mugertzak irabazi zuen. 11 minutu eta 33 segundo behar izan zituen lanak burutzeko. Bigarren, Lopez sailkatu zen, eta 12.17 izan zen bere denbora. Larretxearena, berriz, 12.37. Lan guztietako denborak batuta, onena Mugertzarena izan zen: 17.03. Bigarren, Larretxea sailkatu zen, eta 17.35 izan zen bere denbora. Azken postuan sailkatu zen Lopez, eta honen denbora, berriz, 17 minutu eta 49 segundokoa izan zen.
Datorren igandean Asteasun jokatuko da saioa, eta bertan Olasagasti, Otaño eta Atutxa neurtuko dira maila nagusian. Aurretik, larunbatean, Urduñan neurtuko dira Nazabal eta Larretxea. 23 urtez azpikoen txapelketa ere abian jarriko da, eta datorren asteburuan bi jardunaldi izango dituzte; bata Urduñan, eta, bestea, Asteasun.
Lopez Urrezko Aizkoratik kanpo geratzea ezuste handia da, baina atzo ia beste bat ere egon zen. Donato Larretxea iraupen probara lehenengo sartu zen, alde nabarmenarekin gainera, baina azkenerako lehiaketatik kanpo geratu zen ia.
Eneko Otañok, egungo txapeldunak, eta Iker Vicentek lortu zuten atzo Ataunen 19 urtez azpiko hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.
Erlojuz kontra 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren lehenengo, eta Vicentek irabazi zuen Otañoren eta Etxeberriaren aurretik. Ondoren denak denen aurka tamaina bereko enborra zeinek lehenago moztu neurtu ziren. Eneko Otañok Vicenteri eta Etxeberriari irabazi egin zien, eta Vicentek Etxeberia II.ari. Denborak batuta, Otaño izan zen lehenengo, Vicenteren eta Etxeberria II.aren aurretik, eta lehen bi sailkatuek jokatuko dute hurrengo kanporaketa. Otaño eta Vicente dira, askoren ustez, finala jokatzeko bi faboritoak, eta atzo biek egin zuten lan polita. Elkarren arteko saioetan, bana irabazi zuten, gainera. J.L.