GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fernando Mijangos | UPV/EHUko irakaslea eta UEUko Kimika sailburua

Hondakinen kudeaketa eta tratamendua

Gero eta gehiago kontsumitu behar omen dugu, eta ondorioz, hondakinak sortzen ditugunez, hauetan lurperatuta ez geratzeko dugun irtenbide bakarra errauste planta dela entzuten dudanean, hotzikara bat sentitzen dut, hotz egunetan gure eskuak berotzeko bostehun euroko billeteak erreko bagenitu bezala

Kimikaria naiz eta sarri honek eman dit bizitza ulertzeko teoria. Kimika, materia eta bere baitan gertatzen diren aldaketak aztertzeko eta azaltzeko zientzia dela barneratu dut nire buruko disko gogorrean. Eta hondakina materia denez, hondakinak nire atentzioa hartzen du. Are gehiago nire helbide elektronikora egunero-egunero aldizkari zientifiko ugarien azken boladako artikuluak iristen direnean: Waste, Residuos/Hondakinak atalean argitaratuak.

Hondakin solidoak, tontakeria izan arren, solidoak dira. Hondakinak ikusita bereiztu eta sailkatu ahal dira geroko birziklaketarako. Hondakinak birziklagarriak dira, behin eta berriro erabil daitezke eta prozesu hauei esker lortzen den materialak lehengai gordinak erabilita baino askoz onura gehiago du energetikoki zein ingurumenaren begira negutegi-efektua eragiten duten gasen isurketaren murrizketari dagokionean. Burura datorkit gaur egun hain arrunt ikusten dugun beira, hondakinetatik sortutako beira berria edo aluminiozko latak, eta hilabete bat baino arinago gure eskuetan izango dugu bera berriro, behin birziklatu eta gero; edo papera, edo metalak edo landare olioak...

Zorionez, pilak, lanparak bereizten ditugu, eta hori gure eguneroko bizitzan barneratu dugu arazorik gabe, logikotzat eman baitugu horrela egitean ingurugiroa eta gure poltsikoa zaintzen ditugula. Garai historiko batean zarama bereiztu gabe botatzen genuen, eta zabortegira eramaten zen bertan lagatzeko, urteen poderioz hartzigarria zena usteldu arte, gainerakoa metatuz eta metatuz. Ikasi egin dugu zaramatik, hondakinetatik, lehengai asko eta asko birziklatu daitezkeela eta horrek dirua ematen duela.

Baina han agertzen dira hondakinetatik bizi diren «petrokimika berriak». Errauskailua hondakinak deuseztatzeko teknikarik onena omen da, hondakinen bolumena eta pisua galtzen delako nabarmenki. Eta ondo esan dut «deseuztatzeko» hitza, hori baita gertatzen dena. Ezin dut ulertu hondakin solidoak zertarako erre behar ditugun, egoera solidoan dauden konposatu kimikoak gas-egoeran ipintzeko. Ezin dut azaldu zergatik erre behar ditugun lurretik edo mehategitik ateratako metalak, fotosintesiaren bidez ekoizturiko karbohidratoak, janaria, papera, silizetik ekoiztutako beira eta horiekin batera plastikoak eta abar. Atomo hauek guztiak errauskailuan lurrindu ostean, tximiniatik atmosferara bota eta gero, astakeria entropiko galanta burutzen dugu, sistema ordenatuak diren hondakinak egoera kaotiko batera bidaltzen baititugu, eta handik, atmosferatik, guztiz eskuraezinak izango dira, eta horrek lehengaien eskasia areagotu besterik ez du egiten.

Bitxia iruditzen zait jakitea errauste plantetan hondakinen errekuntza gertatzeko gas metanoa erre behar dutela, bestela ez legoke errekuntzarik, hondakin organikoak bustita egon ohi baitira eta plastikoak... ez baitute erraz surik hartzen. Bitxia gure hondakin organikoak deseustatzeko su eman beharra, hau da, metanoa erosi eta ordaindu beharra, jakinda beste leku batzuetan hondakin organiko hauetatik metanoa eskuratzen dutela. Batzuetan pentsatu dut, bilbotarra naizenez, Zabalgarbiko errauskailua bilbainada bat dela.

Bada garaia hondakinak eta bereziki hondakin solido organikoak izenekoak ziklo naturalean ipini eta bertatik ikasteko eta horren inguruan arlo ekonomiko produktiboan txertatzeko. Hondakin organiko hauek kimikoki aztertuta, bi prozesu kimiko desberdin izan ahal dituzte: erreakzio aerobikoak edo anaerobikoak, oxigeno atmosferikoaren presentzian konposta ematen digu edo oxigeno gabeko erreakzioak eta hartzidura anaerobikoak biogasera eramaten gaituzte. Lurrari ematen diogu bere elikagaia, eta ez atmosferari.

Kimika irakasle bezala, sarri aipatu izan dut naizen aldetik, erretzean karbono dioxidoa eta ura, CO2 eta H2O, besterik ez dugula lortzen laborategian. Baina laborategi eskalan eta Bunsen txiskero bat erabilita agian egia izan daitekeena ez da guztiz egia errauskailu batean mota guztietako hondakinak batera erretzen ditugunean, tonaka gainera. Azken bolada honetan ikasi behar izan ditut errekuntza masibo horietan agertzen diren dioxinak, furanoak eta antzeko konposatuak, laborategi eskalan antzematen ez direnak baina gero eta ugariagoak direnak atmosfera kutsatuetan. Beraz, gure hondakin organikoak (gure lehengaiak izango direnak prozesu birziklagarri batean) erretzean gas kutsakor bihurtzen ditugu. Horregatik, kimikari bezala errauskailuak ez ditut maite, erabat antiekologistak baitira, deseuatatzaileak baitira, eta horrek ez du atzera bueltarik. Agortze prozesua arindu besterik ez gara egiten ari.

Gero eta gehiago kontsumitu behar omen dugu, eta ondorioz, hondakinak sortzen ditugunez, hauetan lurperatuta ez geratzeko dugun irtenbide bakarra errauskailua dela entzuten dudanean, hotzikara bat sentitzen dut, hotz egunetan gure eskuak berotzeko bostehun euroko billeteak erreko bagenitu bezala. Europako politika eta herrialde ugari garaiz konturatu dira, eta hondakinek dituzten lehengaiak behin eta berriz birziklatzearen aldeko udal instalazio gehiago eraikitzen ari dira, zerga berezi batzuk kenduz edo handituz birziklatzearen alde.

Hondakinek iceberg moduko irudia osatzen dute, tontorra besterik ikusten ez dugulako, gehien-gehiena ezkutatuta baitago. Datorren ikasturtean, Hondakinen Kudeaketa eta Tratamenduak izeneko berezko titulu bat abian ipiniko dugu UPV/EHU eta UEUren arteko lankidetza bati esker. Hirurehun orduko ikastaroa izango da arlo tekniko/juridiko/politiko/ekonomiko eta horren inguruko datu megamakroskopikoak agerian ipiniko ditugula. Erronka berria hartu dugu irakasle euskaldunok horrelako berezko titulua gauzatzeko. Baina honi buruz, gauza gehiago idatziko ditut beste egun batean. Eskerrik asko zuen arretagatik eta gaia zuen interesekoa bada, baduzue non eta zer ikasi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo