GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Madrilgo Kongresuan berretsitako uste tristea

Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatuak azken aldiz parte hartu zuen Madrilgo Kongresuan atzo, eta bere azken hitzaldia euskal preso politikoen egoeraren gainean jarduteko baliatu zuen. Ez da arraroa, gai hori euskal gizartearen kezka nagusietakoa eta nazioarteko begirada ugari erakartzen duena izanda. Jorge Fernandez Barne ministro espainolak ETAren agiriari erantzun zion, Gobernuak inoiz ez duela erakunde armatuarekin negoziatuko eta hura desegin artean sakabanaketa politika ez dela amaituko esanda, Mariano Rajoyk joan den igandean Bilbon esandako hitz lausoak berretsiz, nonbait, «ondoren, baina ez lehenago, etorriko da legea» esaldiarekin bat etorriz. Antiguedadek, berriz, denek pausoak -«nahikoak ez izanda ere»- emateko premia nabarmendu zuen, hala nola edozein egoeratan sakabanaketa justifikaezina egiten duen beste kontu bat ere: politika hori gordinen jasaten dutenak senideak direla, hain zuzen. Alde handia sumatu zen atzo diskurtsoen artean, egoera berrira iristeko batzuek eta besteek emandako pausoen artekoa bezain handia. Eta tristea da euskal diputatuak Kongresuan izan den denboraldian berretsi duen uste osoa: Madrilgo Gobernuaren defizit handiena ez dela kontu publikoetakoa. Izan ere, eta defizit publikoa handia izanda ere, Gobernu horren defizit demokratikoa handiagoa da, eta krisi ekonomikoa baino zaharragoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo