«Hasiera batean, aurtengoa izango da nire azkenengo denboraldia»
Futbolaria
Aitor Lopez Rekarte futbolaren beste aldea ezagutzen ari da . Goi mailan ibili eta gero, aurten Mondragon taldean ari da Gipuzkoako Ohorezko Mailan, joan den denboraldian Euskalduna taldean aritu ostean. Hasiera batean, hau bere azken denboraldia dela dio, baina ikusiko da gero zer gertatzen den datorrenean. Oraingoz, mailari eusten lagundu nahi dio bere taldeari.
Jon LEUNDA
Aitor Lopez Rekartek ez du aurten gehiago jokatuko. Bi partida geratzen dira denboraldia amaitzeko, baina lan kontuak medio, ezingo du bietan jokatu. Hori bai, taldeari laguntza morala eman nahi diola dio, eta zaila izan arren, mailari eusteko itxaropenik ez du galdu.
Nolatan erabaki duzu Mondragonen jokatzea?
Hasiera batean ez neukan aurten jokatzeko asmorik, baina taldeko zuzendariak etorri zitzaizkidan laguntza eske, eta onartu egin nien. Lan kontuak direla-eta, ez dut gehiegi jokatu, entrenatu ere ez nuen asko entrenatzerik, baina saiatu naiz ahalik eta gehien egiten.
Iaz ere Andoaingo Euskaldunarekin tankerako zerbait gertatu zitzaizun, ezta?
Bai, iaz ere gauza bera. Ez neukan jokatzeko asmorik, baina Euskaldunan Idiakez zegoen entrenatzaile, eta bera etorri zitzaidan. Taldeak mailari eusteko bera ere jokatzen hasiko zela eta ni ere animatu ninduen, eta biok jokatu genuen.
Nolako denboraldia izan da?
Ona izan denik ezin esan. Bi partida geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta zaila daukagu mailari eustea. Pertsonalki, berriz, lan kontuak direla-eta, ezin izan diet zelaian nahi adina lagundu, baina saiatu naiz.
Zer iruditu zaizu Gipuzkoako Ohorezko Maila?
Maila polita da. Talde onak ere badaude. Anaitasuna doa lehenengo, ia Hirugarren Mailara igota dago, baina ez dut ikusi jokatzen. Tolosa doa bigarren, eta asko gustatu zitzaidan. Ezin da esan maila hau erakusleiho bat denik, baina ez dago gaizki. Gero, oso jende gaztea ari da jokatzen, eta agian zailena jokalariak motibatzea da, baina orokorrean entrenatzaileek lortzen dutela uste dut.
Zu aritu zaren futboletik, orain ari zarenera ez al dago ikaragarrizko aldea?
Sekulakoa. Lehen eta Bigarren Mailan aritu naiz ia orain arte, eta orain ari naizena erabat amateurra da. Dena dela, bakoitza bere mailan jarri behar da, hori onartu eta aurrera egin. Nik uste dut futbol amateur hau gehiago bultzatu behar dela.
Ez al zaizu iruditzen herrietako taldeen zaleek lehen zuten indar hori erabat galdu dutenik?
Bai, bai, horrela da. Herrietako taldeen zale kopuru hori ikaragarri gutxitu da. Orain denak, eliteko taldeei begira daude, eta pena bat da, azken batean herrietan egiten den lana ikaragarria delako. Hori da bultzatu behar dena, zale horiek berreskuratu behar dira. Lehen, zelaiak bete egiten ziren, eta orain inor gutxi doa partidak ikustera. Kontua ez da erraza, baina hori lortzeko formularen bat topatu beharra dago nonbait.
Datorren urtean jarraituko al duzu jokatzen?
Ez, hau izango da nire azken urtea. Bueno, iaz ere horrela pentsatzen nuen, baina jokatzen amaitu dut denboraldia, baina hasiera batean, behintzat, ez daukat itzultzeko asmorik.
Ikusiko al zaitugu inoiz entrenatzaile lanetan?
Entrenatzaile titulua ateratzeko asmoa badaukat, eta entrenatzekoa ere bai, baina ikusi behar da, ea posible dudan, eta baldintzak nolakoak diren.