GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Femeninoan jokatu

 

Erraza da Andaluziako PPko buruak esandakoa kritikatzea. Javier Arenasek esan omen du emakumea etxera itzuli behar dela, lan mundura joatearen ondorioz familia balioak galdu direla. Ez dela feministen beldur, ezta beren indarkeriaren beldur ere eta, finean, feministak eskertuta egongo direla etxera itzuli eta seme-alaben heziketaz eroso-eroso arduratuko direnean. Horri esker, gizartea hobea izango dela, ez dela horrenbeste porrotik egongo senar-emazteen artean, gazteak ez direla desbideratuko, familiek eredu tradizionalekin bat egingo dutela eta, gainera, enplegua bizkortuko dela. Ño! Pozik ez aurreko guztiarekin, Arenasek gehitu du amatasuna eta emakumeak babestuko dituela, gizarte-bortizkeriak abortatzera behartzen dituelako, eta bizitza etetea zigortua izango dela, baita kartzela-zigorraz ere.

Bai, erraza da esatea astakeriak direla, XXI. mendean gaudela eta ez dagoela atzera bueltarik. Baina sakonago aztertu beharko genuke zergatik bota dituen botatzekoak hauteskunde kanpaina betean, botoak biltzeko garaian. Mezuaz edo garaiaz erratu da, ala boto-emaileek entzun nahi zutena esan du? Zenbatek ez ote dute pentsatzen emakumeak gizonezkoen lanpostuetan daudela, denbora gutxiegi ematen dutela etxean, bi-kotekidearekin pazientzia gutxiegi dutela, bikoteak hautsi eta familia mota gehiegi dagoela, eta bigarren ezkontzak direla, adopzioak direla edo bikote homosexualak direla, familiaren baloreak hankaz gora jarri dituztela.

Hau da, badago pentsatuko duena bikotea, familia eta gazteen heziketa femeninoan jokatzen direla, gizonezkoek bikoterik, familiarik eta seme-alabarik eduki ez balute bezala.