GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Propaganda

Zenbat eta gehiagotan esan, zenbat eta gehiagotan errepikatu, orduan eta handiagoa da gezurra edota berbek ezkutatzen duten hutsune eta zuloa

Ameriketako Estatu Batuetan, antza, Francoren Espainian errege godoekin egiten zen bezala, presidenteak zerrendatzen dituzte. Bakoitzak bere zenbakia dauka, eskoletan bakoitzaren eginak eta lorpenak ikasten omen dituzte, baina, normala denez, presidenteen artean batzuk ez dira gomutatutakoenak... eskerrak hau ez den Ameriketako Estatu Batuak. Bestela, egin eta lorpen gutxi zerrendatzeko daukaten presidenteei bezala gertatuko litzaioke gure Patxi Lopez lehendakariari: ahaztu.

Funtziotan sartu zen Lehendakaritzara, funtziotan dago agintaldia laster batean amaitu behar zaiolakoan, baina, funtziotan egon arren, benetan da ikusgarria Gasteizen dagoen diskurtso propio falta. PPren «que se disuelvan» horrek agian Madrilgo PPren gobernuari oraindik zerbaiterako balio ahal dio, baina ez «Baskongadetan» ez Nafarroan, ez dauka ibilbide minimorik ere.

Aresek dio ETA ez dela inor etxerako lanak agintzeko. Bale ba. Ez dadila errepikatu, baina arrazoia emango diot. Ez da ETA etxerako lanak agintzen dizkiona, euskal jendarteak aldarrikatzen die mugitzeko gobernuei: Madrilekoari eta Parisekoari, baina baita Gasteiz eta Iruñekoari ere. Erakundeak egin duen pausoa propaganda hutsa da, hauen aburuz. Ez dakit ze propaganda mota behar duen konpromisoak jadanik hartu dituen eta, konpromiso horiei eusteaz gain, pauso berriak ematen dituen aldeak.

Propaganda beste gauza batzuk dira, ordea. Propaganda autogobernuaren defendatzailetzat agertzea da, kontuan hartuta, esaterako, PSOE Madrilen zegoela aldatu zela Konstituzioa, «autogobernu» hori eta markoa suntsitzen hasteko lehenbiziko neurri esanguratsu moduan. Horixe da propaganda, hobeto esanda, PSOEk PPri estatu osoan kontra egiteko hartu duen ildo diskurtsiboa.

2010ean zabaltzen zen denboran la soberanía de la política, la democracia y el pueblo funtsezkoa izan behar zela saltzen zuen Urkulluk. Benetako burujabetza, ekimen eta konpromiso politikoak noiz hartuko dituzten zain gaude urte bi beranduago. Akaso «diskrezioz» eta «arduraz» aritzeko arrazoia da lan hori guztia ez dela gatazka politikoa konpontzeko, baizik eta aurretiaz ondo kokaturik, euren ezinbestekotasuna lortzeko, bai ezker abertzalea neutralizatzeko, bai eta Euskal Herria estatuen menpe eustea bermatzeko ere.

PPren gobernua egoera luzatzen dabil, zentzugabekeriak esaka. Jakin badaki ez dela erreala eskatzen duena, ezta hainbestetan errepikatzen duten disoluzio edo desarme baterako ere. Jakin badaki, nazioartetik behin baino gehiagotan argi utzi diotenez, gatazka egon badagoela, gatazka hori politikoa dela eta gatazka politikoa den heinean konponbide politikoa izan behar duela. Entzungor egiteak eta blokeo egoerari eusteak denboraz mugatuta dagoela ere badaki. Hasiera batean denboran luzatzea posizioak irabazteko balio ahal bazien ere, gero eta ibilbide laburragoa dauka. Propagandaren nondik norakoak apur bat ezagutzen ditugunok badakigu ondo zelan erabiltzen duten batzuek: zenbat eta gehiagotan esan, zenbat eta gehiagotan errepikatu, orduan eta handiagoa da gezurra edota berbek ezkutatzen duten hutsune eta zuloa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo