Agirregabiria eta Errasti ere gose greban, Naia Lacroixen bakartze egoeraren aurka
A.M. | SENPERE
Gradignaneko espetxean dauden euskal preso Arkaitz Agirregabiria eta Zuhaitz Errastik bat egingo dute gaur Naia Lacroixek astelehenean hasitako gose grebarekin. Preso senpertarra apirilaren 1ean hasi zen borrokan beste euskal presoekin batu dezatela eskatzeko, baina otsailean preso hartu zutenetik, bere egoera salatzen aritu da.
Duela aste batzuk espetxean izandako sute baten harira, zuzendaritzaren kudeaketa tamalgarria kritikatu zuen, presoekin arduragabe jokatu zutela iritzita.
Gainera, «mugimenduren bat ez bada», datorren astean egarri grebari ekiteko asmoa azaldu du Lacroixek.
Segik gogor salatu du Estatu frantsesaren jokamoldea eta babesa helarazi dio presoari. Ildo beretik, Herrirak deituta, bi elkarretaratze izan ziren atzo, Maulen eta Senperen.