GARA > Idatzia > Ekonomia

Salmentak jaitsi direla argudiatuta, zortzi langile kaleratu ditu Monttek

Beasaingo Montte enpresak zortzi langile kaleratu ditu maiatzean, produkzio, ekonomia eta antolamendu arloko arrazoiak argudiatuz. LAB sindikatuak enpresaren jarrera salatu du, abenduan, soldata jaistearen truke, langilerik ez kaleratzeko konpromisoa hartu baitzuen.

p031_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | BEASAIN

Hamabost eguneko aurretiazko jakinarazpenik gabe, Montte enpresako zortzi langilek kaleratu egin zituztela jakin zuten maiatzaren 3an. Alex Orbegozo LABeko kide eta kaleratutako langileetako batek atzo azaldu zuenez, enpresaren argudioa salmentetan izandako jaitsiera da. Ez dute argitu, ordea, zein izan den zortzi langile horiek kaleratzeko arrazoi zehatza.

Haizea Mendia Goierriko LABeko ordezkariaren hitzetan, urduritasuna eta beldurra hedatu dira langileen artean. Izan ere, 2011ko abenduan Montteko 72 langileek akordio bat sinatu zuten zuzendaritzarekin soldataren %6ko jaitsiera adostuz. Enpresaren esanetan, lanpostuak mantentzeko ezinbestekoa zen soldata jaistea. Horrenbestez, lansariaren murrizketa horren trukean, lanpostuak mantentzeko konpromisoa hartu zuen enpresak.

Bost hilabetera, aldiz, zortzi langile kaleratu dituzte. Orbegozok eta Mendiak enpresaren jarrera salatu zuten atzo. Azaldu zutenez, maiatzaren 3an banan-banan bildu zen zuzendaritza guztiekin eta kaleratuta zeudela jakinarazi zien.

«Likidezia soberan»

Kaleratutako langileek lanpostu ezberdinak zeuzkaten, administrazio postuetatik tailerreko lanetara. Hori dela eta, zuzendaritzak kaleratzeak irizpide argirik gabe egin dituela nabarmendu zuen atzo Mendiak. Era berean, hamabost eguneko aurreabisurik eman gabe kaleratu dituztela azaldu zuten. Ondorioz, jakinarazpen falta hori ordaindu beharko du enpresak. Gainera, kaleratutako zortzi langileetatik zazpik 20 eta 22 urte arteko antzinatasuna zuten. «Kalte-ordain hori ere ordaindu beharko dute; beraz, badago dirua», adierazi zuen Mendiak.

Datu horiek ikusita, Mendiaren iritziz, enpresak diru arazorik ez duela frogatuta geratu da. Galerak balitu, antzinatasun gutxiago duten langileak kaleratuko zituztela uste du. Bestalde, kaleratutako langileek utzitako postuak beharrezkoak direla aldarrikatu zuen, kasu batzuetan betebehar zehatz batez arduratzen zen pertsona bakarra kaleratu baitute.

Mendiak esandakoaren arabera, salmentak jaitsi badira ere, unean uneko jaitsiera izan da, eta azken urteetan enpresak irabazi handiak izan dituela baieztatu zuen. «Arrazoi produktibo, ekonomiko eta organizatiboak eman dituzte, baina likidezia soberan daukate», argitu zuen.

kontuak garbi

LABek emandako datuen arabera, 2010ean 61.000 euroko irabaziak izan zituen Monttek eta 6 eta 7 milioi euro inguruko funts propioak ditu. Beraz likidezia faltarik ez duela nabarmendu zuen sindikatuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo