GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-REN AGIRIA

Euskadi Ta Askatasunaren agiria Europako komunitateari

 

Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, agiri honen bidez bere gogoetak helarazi nahi dizkio Europako komunitateari:

Azken hamarkadetan Europan aldaketa ugari jazo dira. Etengabeko eraldatze horretan arazo zahar batzuk gainditu dira eta arazo berriak sortu dira. Badira ere mendeetan zehar iraun dutenak. Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazka historikoa da horietako bat.

Hamarkadak igaro eta gero, oraindik ez gara gai izan gatazkari irtenbide justu eta demokratikoa emateko. Alta, hilabeteotan mugimendu sakonak gertatzen ari dira eta bakea eraikitzeko eta hamarkadetako sufrimenduarekin amaitzeko aukera historikoa sortzen ari da.

2011ko urriaren 17an Donostian burutu zen Nazioarteko Konferentzian, nazioarteko pertsonalitate esanguratsuek gatazka konpontzeko proposamena aurkeztu zuten Aieteko Adierazpenean. Besteak beste, elkarrizketa eta akordioaren beharra nabarmendu zuten:

- ETA eta Espainia eta Frantziako gobernuen artean, gatazkaren ondorioak gainditzeko.

- Euskal eragileen artean, bake egoera egonkor eta iraunkorra sortzen lagunduko duten akordioak erdiesteko.

Proposamen hartan konpromiso historikoak eskatzen zitzaizkion gure erakundeari, konponbide prozesua garatu ahal izateko. ETAk proposamenaren seriotasuna baloratu zuen eta positiboki erantzun zion Konferentziatik luzatutako eskaerari. Horrela, 2011ko urriaren 20an jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen eta gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketa zuzena abiatzeko deia luzatu zien Frantzia eta Espainiako gobernuei, konponbide prozesuarekin eta bakearekin duen erabateko konpromisoa erakutsiz.

ETAk uste du Aieteko Adierazpena bere osotasunean garatzeko baldintzak daudela, euskal jendartearen nahiari eta itxaropenari atxikiz. Konponbidea denboran luzatzeak ez du inorentzat onurarik ekartzen eta, sufrimendua luzatzeaz gainera, kaltegarriak diren blokeo egoerak sor ditzake.

Horregatik guztiagatik:

- ETAk uste du luze gabe Frantzia eta Espainiako gobernuek Aieteko Adierazpenari eta ETAren deiari erantzun positiboa eman beharko lieketela.

- ETAk jakinarazi nahi du Espainia eta Frantziako gobernuekin elkarrizketa zuzenak abiatzeko bere ordezkaritza izendatu duela.

- ETAk uste du euskal eragile politiko eta sozialek ere elkarrizketak abiatu beharko lituzketela, denen artean gatazka politikoaren oinarrian dauden arrazoiei irtenbidea eman eta bake eta askatasun agertoki iraunkor eta egonkorra bermatuko duten akordioak erdiesteko.

Europako komunitateak eta Europako instituzioek zabaldutako prozesua babesteko eta sustatzeko erronka dute, Europako bihotzean dirauen gatazka historiko honi behin betiko konponbidea eman ahal izateko. Hori da ETAren nahia eta konpromisoa.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna E.T.A.

Euskal Herrian, 2012ko apirilean

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo